AKTUALITATEA


| 2025-07-07 09:58:00

EH Bildu kezkatuta agertu da gaur, Ekienea parke fotovoltaikoak sortuko duen energiari emango zaion erabilera dela eta, Ribabellosan, Arasur industrialdearen inguruan, proiektatzen ari den hipereskalako datu zentro bat elikatzera bideratuko baita.

EH Bilduk gogora ekarri duenez, Ekienea EAEko parke fotovoltaiko handiena izango da, 200 hektareako azalerarekin eta 126 MWko potentzia instalatuarekin, eta bere garaian trantsizio energetikoaren bidean urrats garrantzitsu gisa aurkeztu zen. 47.500 etxebizitza energiaz hornitzeko potentziala izango zuela iragarri zen, baina egia esan, bertan sortuko den energia guztia Merlin Propertiesek sustatutako hipereskalako datu zentrora bideratuko da.

Hori dela eta, Ander Goikoetxea legebiltzarkideak “operazio honek dakarren atzerapenaz” ohartarazi du, “sendotuko duelako herri honek dituen beharretatik urrun dagoen eredu energetiko eta ekonomiko bat, kanpoko interes korporatiboen mendekoa eta baliabideen erabileran oso intentsiboa dena”. Salatu duenez, “korporazio teknologiko handien interesak soilik asebeteko dituen datu-megazentro bat elikatzea, kontrol publikorik eta itzulkin sozialik gabe, arduragabekeria da politiko eta ekonomikoa da, bai eta ingurumen-ikuspegitik ere”.

Goikoetxeak, halaber, EH Bilduren kezka adierazi du, “Solaria enpresaren planak direla eta, Araban antzeko datu zentro gehiago proiektatzen ari baita, lur industrialak okupatuz eta energia kantitate handiak kontsumituz”. Izan ere, “horrelako azpiegituren aldeko apustua ez da neutroa, digitalizazio estraktibista, energiaren salerosketa eta lurraldearen okupazioa lehenesten dituelako, gutxi batzuen mesedetan”.

Legebiltzarkide abertzalearen ustez, “hori gertatzea bereziki larria da testuinguru honetan, datozen urteetan sare elektrikora sartzeko muga larriak aurreikusten baitira, eta horrek izugarri zaildu lezake gure enpresen prozesu industrialen deskarbonizazio prozesua”. Hori kontuan hartuta, erantsi du, “ez du inolako zentzu estrategikorik hemen sortutako energia berriztagarria Ipar Amerikako Big Tech zentroei zerbitzua ematen dieten datu zentro pribatuei emateak, gure enpresak, kooperatibak eta industria-sektorea hornitu beharrean; euskal industriak energia hori behar du bere ekoizpen-prozesuak eredu garbiago eta jasangarriago batera egokitzeko”.

EH Bildu konponbidea bilatzearen alde agertu eta egoera zuzentzeko eskatu die Ekienea proiektuaren sustatzaileei, hau da, Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari, Iberdrolari eta Mondragon Taldeari. “Eskatzen diegu koherenteak izan daitezela Ekian (Erribera Beitia) bezalako ekimenen jatorrian zeuden printzipioekin, gure lurraldean sortutako energia berriztagarria gure herrian errotutako eredu ekonomiko justu eta demokratiko baten zerbitzura jar dadin, eta ez espekulazio digital globalaren zerbitzura”.

Horren ildotik, Goikoetxeak EH Bilduren apustua berretsi du: “trantsizio energetiko justua, demokratikoki planifikatua, herriaren, sektore publikoaren eta tokiko ehun kooperatibo eta enpresarialaren beharrizanen zerbitzura. Bada garaia gure azpiegitura estrategikoen gaineko kontrol publikoa eta soziala berreskuratzeko”.