AKTUALITATEA


| 2025-07-01 11:11:00

Turismoa eta turistifikazioa gero eta kezka handiagoa bihurtu dira azken urteetan euskal herritarrentzat, bereziki kostaldeko hiri eta herrietan. EH Bildu bat dator kezka horrekin eta fenomenoaren gobernantza hobea bilatzeko erantzunak lantzen aritu da.

Turistifikazioaren ondorioz sortutako hainbat arazori erantzutea —hala nola etxebizitza larrialdia, ingurumen-inpaktua, enpleguaren kalitatea eta beste hainbat alderdi— izan da ezker suberanistaren lan-ardatz nagusietako bat azken hilabeteetan. Zentzu horretan, bai Eusko Legebiltzarrean bai EH Bilduk gobernatutako dozenaka udaletan, ekintza bateratu eta proaktiboa bultzatu da, turismoa kontrolatzeaz harago haren gobernantza sustatzeko helburuarekin.

Tasa turistikoa, pisu turistikoak arautzeko neurriekin batera, EH Bilduk aspalditik lantzen eta eskatzen duen ekimenetako bat da. Ezker suberanistaren ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak bere aplikazioa bultzatzea. Hala ere, EAJ eta PSEren arteko akordiorik falta prozesua blokeatzen ari da.

EH Bilduk defendatzen duen tasa turismo jasangarria bermatzeko ezinbesteko neurria da. Herri-mailakoa litzateke, udal bakoitzak bildu eta kudeatuko lukeena, ostatuaren mailaren araberako izaera progresiboarekin, eta turismoak sortzen dituen gastuak ordaintzera bideratuko litzateke. Azken batean, tasa horrek balio beharko luke bermatzeko herritarren bizitza eta ongizatea sostengatzen dituzten zerbitzu publikoak ez direla kaltetuko.

EH Bilduk uste du herri honek ezin duela denbora gehiago galdu, eta Eusko Jaurlaritzak bere ardurak bere gain hartu behar dituela. Beste behin ere agerian geratu da EAJ eta PSEren arteko desadostasunek, gai honetan ere, erabakiak hartzeko eta gobernantza egokirako gaitasun publikoak blokeatzen dituztela.

Deigarria da, gainera, eremu tentsionatuak izendatzeko prezioen erreferentzia-indizearekin behin eta berriz ohartarazi dugun bezala, kontseilari sozialista batek berak agerian uztea EAJ foru ogasunen bidez blokeo saiakera egiten ari dela. Aldundi horietako gobernuetan PSEk ere parte hartzen du. Ez da onargarria uda bete-betean gaudela EAJ-PSEk iragarritako konpromisoak betetzen ez direla berriro egiaztatzea, are gehiago gure herrian halako eragina duen gai batean.

EH Bilduk gaur EAJri eta PSEri eskatzen die gaiaren inguruko jarrera argitzeko eta lanak bizkortzeko, udako hilabeteek arazoa larriagotu eta Euskal Herriko udalen lana saturatu ez dezaten.