Zainketa aringarrietan Osakidetzak bermatu beharreko bitartekoak, ekipoen osaera eta ratioak dekretu bidez zehaztea proposatu du EH Bilduk Legebiltzarrean, betiere arreta egunero 24 orduz ziurtatzeko. Rebeka Uberak adierazi duenez, “zainketa aringarri pediatrikoetan dauden gabeziak agerian geratu dira azken asteotan, mediku batek Osakidetzaren ohartarazpena jaso zuelako ume bat bere lanalditik kanpo artatzeagatik. Horren ostean, Osasun Saila neurriak hartzeko prest agertu da, baina Legebiltzarrari igorri dion planteamendua ez da nahikoa, inondik inora, arreta egunero 24 orduz bermatzeko, besteak beste, gaur egun dagoen lantaldea handitzeari uko egiten diolako”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du zainketa aringarrietan bermatu beharreko bitartekoak dekretu bidez zehaztea. Halaber, zainketa aringarri pediatrikoak, bai eta paziente helduei zuzendutakoak ere, konplexutasun handiko zainketak direla kontuan hartuta, ekipo espezializatuak osatzea ere proposatu du, kasu horietarako.
Uberak aurkeztu duen mozioak Lehen Arretako, etxeko ospitalizazioko eta Aringarri zirkuituko bitartekoen funtzionamendua eta antolamendua eremu horretako profesional, aditu eta arituekin berraztertzea planteatzen du beste puntu batean, kalitatezko zainketa aringarriak ziurtatzeko eta bizitza amaierako eskubideak betetzeko. Halaber, anbulatorioak itxi ostean etxeko abisuak jaso eta arreta ematen dituzten ekipoak publifikatzea proposatu du, bai eta egun pribatizaturik dagoen zainketa aringarrietarako psikologia zerbitzua ere.