Legebiltzarra

EH Bilduk adituen agerraldiak publikoak izan daitezela eskatu du Autogobernuari buruzko Ponentzian

Jokoan dagoena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztien etorkizuna da eta horrek gardentasuna eskatzen du. Ez du zentzurik Estatus Politiko Berriaren lanketan aritu diren adituek Legebiltzarrean eman beharreko azalpenak ia sekretuak izatea.

| 2020-01-10 14:29:00

Autogobernuari buruzko Ponentziak erabaki bezala, EAEko Estatus Politiko Berriaren lanketan aritu diren bost adituak datorren astelehenetik aurrera hasiko dira Legebiltzarrean agertzen, Ponentzian bertan, hain zuzen ere, talde parlamentarioei egin duten lanaren inguruko azalpenak emateko. EH Bilduren iritziz, orain arte ponentzia ateak itxita batzartu bada ere, adituen agerraldi horiek publikoak izan behar dira, eta Maddalen Iriartek hala eskatu dio formalki ponentziako koordinatzaile Jone Berriozabal jeltzaleari, agerraldiak ateak irekita egin daitezen.
EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du adituek Legebiltzarrak eginiko enkargu bat –“ardura publiko bat, beraz”– bete dutela, eta horrek ere gardentasun osoz aritzea eskatzen du. “Gainera, eta hori da gakoa, Estatus Politiko Berriaren lanketan gardentasunak ezinbesteko baldintza izan behar du, jokoan dagoena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztien etorkizuna delako; hortaz, prozesuaren garapena, bai eta alderdi guztien iritzia ere, bertatik bertara ezagutzeko eskubidea bermatu behar zaie herritar guztiei, eta hori ez da bateragarria adituen agerraldiak sekretuan egitearekin”.
 

EAJ eta PSEk uko egin diote ustelkeriaren kontrako neurriak Diputazio Iraunkorrean eztabaidatzeari premia ez duelakoan

EH Bilduk Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra deitzeko eskatu du De Miguel auziak azaleratu dituen sistema eta ustelkeriaren kontrako neurriak berehala hartzeko, baina EAJ eta PSEk eskari hori blokeatu dute.

| 2019-12-27 15:51:00

Gasteizko Legebiltzarrak ez du otsailera arte eztabaidatuko EH Bilduk ustelkeriaren kontra aurkeztu dituen bi proposamenak, EAJk eta PSEk ezezkoa eman diotelako Diputazio Iraunkorra deitzeari. EH Bilduk hala egitea proposatu zuen, Legebiltzarra berez ez delako urtarrilean batzartuko, eta De Miguel auziko epaiaren ostean ustelkeriaren aurkako neurriak hartzea premiazkoa dela iritzita, “gizarteari mezu argia eta azkarra helarazi behar diogulako: ustelkeriaren aurrean tolerantzia zero”. EAJ eta PSEk, aldiz, EH Bilduren eskaria blokeatu eta eztabaida atzeratzea erabaki dute gaur Legebiltzarreko Mahaian.
Maddalen Iriartek salatu duenez, “gure herrian ustelkeria politikoaren kontra inoiz izan den sententziarik gogorrena atera berri da, baina EAJk uste du ez dela premiazkoa Legebiltzarrak gai honi buruz eztabaidatzea. EH Bilduren ustez, De Miguel auziko epaia hain da larria, ezen derrigorrezkoa eta premiazkoa baita Legebiltzarrak lehenbailehen ustelkeriaren kontrako mezu sendo eta argia bidaltzea gizarteari, baina EAJk ez du inolako presarik; ustelkeriari aurre egiteko neurri zehatzak onartu nahi ditugu, baina EAJri ez zaio interesatzen”.
“Non dago EAJren gardentasunaren aldeko hautua? Euskal jendarteak ekintzak, egitateak, eskatzen ditu. Ez da aski EAJk barkamena eskatzea. Neurriak lehenbailehen hartu behar dira, eta herri honetarako eskatzen duguna zera da: ustelkeria politikoarekin tolerantzia zero. Eta horretarako, aurrerapausoak eman behar dira, eta ez oztopoak jarri, baina argi dago EAJk ez duela inolako interesik eta gardentasun falta arazo larri bat duela, bai eta ustelkeriari aurre egiteko borondate politiko gutxi duela ere.
 

ALBISTEAK

EAJk eta PSEk enplegu erregulazio espedienteen laguntza osagarriak hobetzeari uko egin diote

2020-10-22 13:33:00

EH Bilduk laguntzak handitzea eta pandemiak eragindako espediente guztietara hedatzea proposatu du. Martxoaz geroztik lan erregulazioan sartu diren langileen %4k bakarrik jasoko lukete Jaurlaritzaren laguntza.

EH Bilduk Ostalaritzaren Erreskate Plana aurkeztu du, berehalako neurriak hartu ezean, sektorea hondamendira doalako

2020-10-20 13:44:00

Iker Casanovak zehaztu duenez, autonomo guztiek jaso ahalko lituzkete laguntzak: 600 eta 1.200 euro artekoak jarduera eteten dutenentzat, 400 eta 800 euro artekoak %25etik gorako galerak dituztenentzat.

EH Bilduk ostalaritzaren egoera kritikoaz ohartarazi eta babes neurriak premiaz hartzeko eskatu dio Lakuari

2020-10-16 15:51:00

Iker Casanovaren iritziz, Jaurlaritzak alternatiba bat eskaini behar dio sektoreari. Pandemiak eragindako “osasun murrizketekin ostalaritzak ez du bizirauteko gaitasunik, negozio aukerak guztiz mugaturik dituelako”.

EH Bilduren bi lege proposamen eztabaidatzeari uko eginda, Lakuak elkarlanean aritzeko borondate falta agerian utzi du berriz ere

2020-10-13 15:16:00

Jaurlaritza ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeari eta euskara doan ikasteko eskubideari buruzko legeak tramitatzearen aurka azaldu da. EH Bilduren iritziz, “atzerapausoa nabaria, larria eta adierazgarria da, pasa den legealdiak bi proposamenak tramitera onartu zirelako”.