Legebiltzarra

EH Bilduk proposatuta, Durangaldean Erizaintza zerbitzua indartzeko eskatu dio Legebiltzarrak Osasun Sailari

Osakidetzak Durangoko etenik gabeko arreta gunean erizain kopurua igo dezala galdegin du Ganbarak. Rebeka Uberak adierazi duenez, “Durangaldean osasun zerbitzuen bilakaera ez da eskualdearen eboluzio demografikoaren araberakoa izan”.

| 2019-06-20 09:36:00

Legebiltzarrak EH Bilduren proposamena onartu eta Durangoko etenik gabeko arreta guneko zerbitzua hobetzeko eskatu die Osasun Sailari eta Osakidetzari; zehazki, Erizaintza zerbitzua indartzeko galdegin die “lan-txanda bakoitzean presentziazko bi erizain egon daitezen, ekitate eta efizientzia irizpideen baitan”.
Rebeka Uberak beharrezkotzat jo du Erizaintza zerbitzua indartzea Durangaldeak azken urteotan izan duen eboluzio demografikoa –Durangon bereziki biztanle kopuruak gora egin du– bat ez datorrelako bat eskualdeko osasun-zerbitzuen bilakaerarekin. “Durangoko etenik gabeko arreta gunea gutxienez 2013tik konpondu gabeko auzia dugu. 2014ko abenduaren 1ean Legebiltzarrak onartu zuen lan-txanda bakoitzean presentziazko erizain bat gehitzea, txanda bakoitzean bi erizain egon zitezen, baina Jaurlaritzak ez zuen Ganbararen agindua bete eta gaur da eguna erizain gehiagoren beharra agerikoa dena, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak ere aitortu bezala”.
 

Legebiltzarrak Osakidetzako oposizioetan Osasun Sailak izandako jokabidea gaitzestea proposatu du EH Bilduk

Rebeka Uberak mozioa aurkeztu du Nekane Murga buru duen saila epaitegietako ikerketa oztopatzen saiatu delakoan. Belen Greaves jeltzaleari espedientea irekitzeko eskatu du Osakidetzaren barne ikerketan instruktore gisa izandako jokabidea aztertzeko.

| 2019-06-14 15:24:00

Nekane Murga Osasun sailburuak gaur goizean Legebiltzarrean emandako azalpenak eznahikoak direla iritzita, Rebeka Uberak mozioa aurkeztu du Legebiltzarrak Osasun Sailaren jokabidea gaitzetsi dezan “Osakidetzako 2016-2017 Lan Eskaintza Publikoaren auzian fiskaltzaren esku informazio guztia ez jartzeagatik eta epaitegietako ikerketa oztopatzen saiatzeagatik”. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “larria eta onartezina da Osasun Sailak lehenengo minutuan laguntza osoa eta dokumentazio osoa eman ez izana epaile eta fiskalari eta azkenean epaileak bidaltzeko espresuki eskatu behar izatea”.
Halaber, Uberaren mozioak oposizioei buruzko barne ikerketan bildutako informazio, material eta esku-hartze guztien nondik norakoak, azterketak eta azterketak zuzentzeko erabili diren makinak eta hauen memoriak barne, fiskalari helarazteko eskatzen dio Osakidetzari.
Belen Greaves EAJko buruzagi ohiaren jokaerari ere heltzen dio mozioak, berak zuzendu baitu Osakidetzaren barne ikerketa Kardiologia arloan. Zehazki, Uberak espediente informatiboa irekitzeko eskatu dio Jaurlaritzari, Greavesek “instruktore gisa izandako jokabidea aztertu eta dagozkion ondorioak zehazteko”. Uberaren ustez, Greavesek ez ditu betetzen horrelako ikerketa bat zuzentzeko ezinbestekoak diren independentzia eta neutraltasun politikoaren printzipioak.
Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak proposatu du “Osasun Sailak ospitaleetako mediku espezialisten lan eskaintza publikoaren ebazpen prozesuak, ospitalez kanpoko pediatria eta familia medikuena izan ezik, kautelaz eten ditzala, epaitegietan argitu eta ondorioak atera arte”.
 

Jaitsi beharrean, berotegi efektuko gasen isuria igo da EAEn, EH Bilduk aditzera eman duenez

Mikel Oterok salatu du CO2 isuriak okerrera egin eta 2012ko kopuruetara itzuli dela. Ingurumen arloko Lakuaren politikaren porrotaren isla da, bere iritziz. Dioenez, Klima Aldaketaren Lege Aurreproiektuak uko egiten dio trantsizio energetikoaren bidean Europak jarritako xedeak lortzeari.

| 2019-06-14 12:18:00

Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolaren autokonplazentziazko diskurtsoaren gainetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berotegi efektuko gasen isuria jaitsi beharrean, igo egin da, jakinarazi du Mikel Oterok Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, 2017an, datu ofizialak ezagutzen diren azken urtean, (http://es.eustat.eus/elementos/ele0009000/Evolucion_de_las_emisiones_totales_de_gases_de_efecto_invernadero_por_pais_CA_de_Euskadi_Ano_base_Kioto/tbl0009060_c.html) CO2 isuria %5,5 igo zen, 2016ko datuekin alderatuta, azken 15 urteotan izandako eboluziorik okerrena, hain zuzen. Zehazki, berotegi efektuko gasen isuria 2016koa baino milioi bat tona altuagoa izan zen eta, guztira, 20 milioitik gora jarri zen, 2012az geroztik gertatzen ez zen zerbait. “Bost urte atzera egin dugu”, ondorioztatu du Oterok, eta datu horiek ezkutatzen saiatzea egotzi dio Arriola sailburuari.
Oterok adierazi duenez, klima aldaketaren arloan erreferentzia den 1990. urteaz geroztik Europak CO2 isuriak %25 murriztu ditu, baina EAEn murrizketa %6,2koa baino ez da izan. Horren haritik, erantsi du, Jaurlaritzak propaganda egin arren, datu objektiboek “erakusten dute Europan atzean gaudela, azken postuetan, ez garela inondik inora aitzindariak”. Beraz, “Lakuak arlo horretan egin dituen politika eta planek emaitza txarrak izan badituzte, bistakoa da diseinua ez zela egokia, eta orain lantzen ari den Klima Aldaketaren Legea plan eta politika berberetan oinarritzen badu, porrota ziurtaturik dago”.
Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Ingurumen sailburuak Klima Aldaketaren Lege Aurreproiektuan 2030 eta 2050erako ezarri dituen helburuak oso urrun geratzen direla Europak jarri dituenetatik, iragan martxoan Legebiltzarrean bertan Euskal Energia Ituna egiteko EH  Bildurekin hitzartu zirenetatik eta, baita ere, Arriolaren beraren alderdiaren Gobernuak Madrilen Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Lege Aurreproiektuan jaso dituenetatik.
 

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak EITBri eskatu dio albistegietan independentzia eta aniztasuna bermatzeko

Jasone Agirrek ezinbestekotzat jo du EITBn erredaktoreen karrera profesionala sustatzea eta ardura postuak banatzerakoan irizpide profesionalak bakarrik aintzat hartzea, gardentasuna eta aukera berdintasuna independentziaren bermea baitira hedabide publiko batean

| 2019-06-13 17:17:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak aho batez eskatu dio EITBko zuzendaritzari informazio zehatza eman diezaiola haren albistegien independentzia eta pluraltasuna bermatzeko eta erredaktoreen karrera profesionala sustatzeko eman dituen urratsei buruz. Legebiltzarrak helburu horiek lortzeko proposamen zehatza egiteko eskatu zion duela urtebete, 2018ko maiatzaren 31n, EITBko zuzendariari, gaur egun ildo editoriala erabakitzen duten karguak izendatzeko erabiltzen duen sistemak, konfiantza pertsonalaren araberakoak, ez independentzia ez aniztasuna bermatzen ez dituelakoan. EAJ eta PSE horren kontra agertu ziren orduan; gaur, aldiz, independentzia eta pluraltasuna ziurtatu beharra onartu dute eta, inplizituki, aitortu dute gaur EITBk ez duela ez bata ez bestea bermatzen.

EITBko zuzendaritzari Legebiltzarrak duela urtebete emaniko agindua ez betetzea leporatu ostean, Jasone Agirrek gogorarazi du gaur EITBn “ardura guztiak atzamarrez banatzen” direla, konfiantza pertsonalaren arabera, eta hori bateraezina dela albistegien independentziarekin. Horretarako, azpimarratu du, ezinbestekoa da bertako erredaktoreen karrera profesionala sustatzea, “albistegien egunerokoa erabakitzen dutenak irizpide profesionalen arabera soilik hautatzeko, gardentasunez eta aukera berdintasunez”. Izan ere, “gardentasuna eta aukera berdintasuna komunikabide publiko baten independentziaren bermea dira” eta, beraz, karrera profesionala sustatzea da “EITBk hartu beharreko lehen neurria, kalitatezko komunikabide publikoa izan gura badu, eta ez Jaurlaritzaren  komunikabidea; bertako profesionalak libre izan behar dira, independenteak, eta euren karrera profesionala ezin liteke zuzendaritzaren konfiantzaren menpekoa izan”.

Gehiengo parlamentarioak talka plan bat eskatu du enplegu arloan gazteek jasaten duten prekarietatearen aurka

EH Bilduren proposamenaren arabera, Jaurlaritzak kalitatezko enplegua sortzeko plana diseinatu eta diru-laguntzak emango lituzke gazteen kontratazioa sustatzeko, betiere lan baldintza duinak bermatuta.

| 2019-06-13 13:41:00

Gehiengo parlamentarioa gazteek pairatzen duten egiturazko prekarietateari aurre egiteko talka plan bat diseinatzearen alde agertu da gaur goizean eta hala egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, EH Bilduk proposatu bezala. Podemosek eta PPk babestu duten arren, koalizioaren proposamena ez da onartu PPko legebiltzarkide bat bajan dagoelako eta, ondorioz, ezin izan duelako botoa eman. Edonola ere, Josu Estarrona legebiltzarkidearen iritziz, “argi geratu da zein den gehiengo parlamentarioaren borondatea eta, politikoki, Urkulluren Gobernua talka plana diseinatzera behartuta dago, gazte prekarietatea gure herrian dugun arazo estruktural nagusietariko bat delako”.
Proposamenaren arabera, Lanbidek diru-laguntzak emango lituzke gazteen kontratazioa sustatzeko, betiere lan baldintza duinak bermatuta. Horri dagokionez, EH Bilduk uste du diru publikoak babestutako kontratu horiek mugagabeak eta lanaldi osokoak izan beharko lirateke eta gutxieneko soldata, garbia, 1.200 eurokoa.
Estarronak gazte prekarietatearen larritasunaz ohartarazi du eta arlo horretan utzikeriaz aritzea egotzi dio Jaurlaritzari, “porrot egin duelako gazteen artean kalitatezko enplegua bultzatzerakoan”. Horren froga dira, bere ustez, gazteen langabezia tasa, EAEkoak Europakoa bikoizten duelako, eta bataz besteko soldata 16-29 urtekoen artean, 1.000 eurokoa baino ez delako.
 

ALBISTEAK

EH Bilduk akordioa sustatu du kultura premia biziko ondasun gisa izendatzeko eta sektorea babesteko

2020-11-19 15:37:00

EH Bilduk garrantzitsutzat jo du Lakuak autokritika egin izana, orain arte hartutako neurrien gabeziak aitortu dituelako. Kulturaren aurrekontuari eutsi eta laguntzak egokitzeko konpromisoa azpimarratu du Estarronak.

Aernnovak 7 milioi euro baino gehiago jaso ditu laguntza publikoen bidez eta Jaurlaritzak esku hartu behar du kaleratzeak eragozteko

2020-11-19 13:51:00

EH Bilduk laguntza publikoek enpleguaren defentsari lotuta egon behar dutela azpimarratu du eta, aeronautika behin-behineko krisi batean dagoen arren, neurri traumatikoak ez hartzeko eskatu dio Aernnovari.

EAJk eta PSEk PP eta Voxekin bat egin dute euskara doan ikasteko eskubidea legez bermatzeko proposamena atzera botatzeko

2020-11-19 11:25:00

EH Bilduk euskara ikastea C1 maila lortu arte doakoa izan dadila proposatu du euskaraz jakiteko eskubidea herritar guztiei aukera berdintasunean bermatzeko.

Datu ofizialek gasaren aldeko Jaurlaritzaren eta EAJren apustu estrategikoaren porrot erabatekoa frogatzen dute

2020-11-18 14:30:00

EH Bilduk estrategia hori behingoz amaitzeko eskatu dio Lakuari, “EAJren hanka-sartzea ezin dugulako herritar guztiok ordaindu diru publikoa zulo beltz batera botatzen”. Gobernuaren aurreikuspenek goitik behera huts egin dute: aurten 180 milioi metro kubiko gas ateratzea espero zuten urtarriletik ekainera, baina 23 baino ez dituzte atera.