Legebiltzarra

Talde parlamentario guztiek onartu dute eskola jantokietan Lakuaren kudeaketa txarrak kalte ekonomikoa eragin duela

EH Bilduren ustez, “EAJ eta PSEk itxurak egin dituzte, haserrea adieraziz, helburu bakar batekin: arreta desbideratzea eta Hezkuntza Sailaren kontrolik eza ezkutatzea eskola jantokien kontratazioan”.

| 2019-06-24 16:55:00

EH Bilduren iritziz, gaur azpimarratzekoa da talde parlamentario guzti-guztiek, EAJ eta PSE barne, onartu dutela Jaurlaritzaren kudeaketa txarra izan dela eskola jantokien auzian eta kudeaketa txar horrek kalte ekonomikoa eragin duela funts publikoentzat eta, oro har, herritarrentzat. Hori dela eta, Eva Lopez de Arroyabek adierazi duenez, “ulergaitza da EAJ eta PSEren desmarkea eta alderdi horiek bat ez egitea bihar ponentzian onartuko den irizpenarekin”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du bai EAJk, bai PSEk, gaur kontrakoa esan duten arren, Hezkuntza Sailaren kudeaketa txarra aitortu egin dutela, bai eta kalte ekonomikoa ere. Izan ere, euren zuzenketetan argi onartu zuten, hitzez hitz, Hezkuntza Sailean kontrol mekanismo nahikoren erregulazio falta egon dela eta enpresa esleipendunen jokabidearen ondoriozko gainkostuak kalte ekonomikoa eragin zuela funts publikoentzat eta herritarrentzat, Lehiaren Euskal Agintaritzak ebatzi eta zigortu bezala. “Zuzenketetan hala onartu ostean, ez du batere zentzurik orain EAJ eta PSE ponentziaren irizpenaren kontra agertzea, funtsean ondorio nagusi bi horietara iristen delako”.
Hori horrela, Lopez de Arroyabek arreta desbideratzen eta Jaurlaritzaren kudeaketa txarra ezkutatzen saiatzea egotzi die EAJ eta PSEri. “Gaur antzezlana egin dute, kasketa bat, gezurrak eta sasi-gezurrak esaten helburu bakar batekin: arreta desbideratzea eta ezkutatzea eskola jantokien kontratazioan Hezkuntza Sailaren kontrol falta egon dela eta hori oso garesti atera zaiela administrazioari, familiei eta, oro har, gizarte osoari”.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Oinarrizko Lanbide Heziketarako sarbidea erraztea eskatu du

Rebeka Uberak ohartarazi du ehunka gazte hezkuntza sistematik at geratu direla ikasturte honetan, Hezkuntza Sailak araudia oso zorrotz interpretatu duelako. Gaur onartutakoaren arabera, DBHko 2. edo 3. maila egin gabe edo 17 urte baino gehiago edukita ere posible izango da Oinarrizko Lanbide Heziketan sartzea.

| 2019-06-24 16:52:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak aho batez eskatu dio gaur Hezkuntza Sailari “ahalbidetu dezala pertsona orori, bereziki gazte etorkin eta ezgaitasuna duten pertsonei, Oinarrizko Lanbide Heziketara sarbidea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. edo 3. maila egin ez duten arren eta 17 urte baino gehiago dituztenen kasuan ere, horrela Lanbide Heziketako titulazio lortzeko aukera izan dezaten”. Halaber, galdegin dio “azter dezala jatorri desberdinetako 15-21 urteko gazteei zuzendutako Lanbide Heziketarako sarbidea izango den programa baten sorrera”.
Proposamenaren sustatzaileak, Rebeka Uberak, azaldu duenez, “ikasturte honetan ehunka gazte hezkuntza sistematik at geratu dira Hezkuntza Sailak araudiaren interpretazio zorrotza egin duelako”. Arazoa, erantsi du, “bereziki larria izan da gazte etorkinentzat, hezkuntza sisteman sartzeko dituzten arazoak areagotu direlako, 600 gazte baino gehiago sistematik kanpo geratzeraino, aldundien datuen arabera. Ikasturte honetara arte, aldiz, EAEra heltzen ziren adingabe atzerritarrei prestakuntza ematen zitzaien, hezkuntza sistemarako sarbidea bermatuta, baina aurten Jaurlaritzak irizpideak zaildu eta gure hezkuntza sistemak atzera egin du inklusioan eta ekitatean”.
 

Merkataritza Jardueraren Lege berriarekin ezinezkoa izango da saltoki handi gehiago ezartzea, dio EH Bilduk

Iker Casanovak aintzat hartu du saltoki handien ezartzea mugatzeko Legebiltzarrean lortutako aho bateko akordioa. Azpimarratu duenez, “erregulazio berria onuragarria izango da merkataritza txikiarentzat”.

| 2019-06-21 17:00:00

Iker Casanovak positibotzat jo du Merkataritza Jardueraren Legea aldatzeko Legebiltzarrean lortutako aho bateko akordioa, saltoki handiak ezartzeari eta handitzeari dagokienean, praktikan ezinezko egingo duelako gaur egun Araban (Gorbeia), Bizkaian (Max Center eta Megapark) eta Gipuzkoan (Garbera) existitzen direnak bezalako saltoki handiak irekitzea. Hortaz, EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “gaurkoa aurrerapausoa izan da, neutralizatu egin dugulako saltoki handi gehiago ezartzeko arriskua, merkataritza txikiarentzat hain kaltegarria litzatekeena”. Oposizioko taldeek bultzatu dute lege aldaketa hau, azkenean EAJ eta PSErekin ere hitzartuta, eta behin gaurko tramitea pasata, aurreikusita dago datorren osteguneko osoko bilkuran behin betiko onartzea. Hala, legea uztailean sartuko da indarrean eta 2015ean Lurralde Plan Sektoriala bertan behera geratu izanak utzitako hutsune legala beteko du.
Casanovak azaldu duenez, gaurko akordioarekin zorrotz mugatzen da saltoki handiak ezartzeko eta handitzeko aukera. Zehazki, legeak hiru kategoria ezarriko ditu hiri/herrien tamainaren arabera: A kategoria, 30.000 biztanle baino gehiagoko hiriak; B kategoria, 10.000-30.000 biztanle artekoak, eta C kategoria, 10.000 biztanle baino guxiagokoak. Sailkapen horri jarraituz, lege berriaren arabera, hirien kanpoaldean debekaturik egongo da 2.500 metro karratu baino gehiagoko saltokiak irekitzea A kategoriari dagokionez, B kategorian muga 1.800 metro karratukoa izango da eta C kategorian, 700 metrokoa. Salbuespen gisa, baimena emango da saltoki handiagoak irekitzeko, baldin eta merkataritza singularra edo bolumen handikoak badira bakarrik, hala nola, altzariak, autoak edo gasolindegiak. Casanovaren hitzetan, “lege berriak argi utziko du saltoki handi horiek ezinezkoak izango direla janaria eta arropa bezalako eguneroko produktuak saltzeko”.
Hori kanpoaldeari dagokionez; eta saltoki handiak hiriguneetan ezartzeari dagokionez, legeak onartuko duen gehienezko azalera 30.000 metro karratukoa izango da A kategorian, 15.000 B kategorian eta 2.000 C kategorian. Azkenik, gaur egun jada existitzen diren saltokiak handitzeari buruz ere legeak mugak ipiniko ditu: irizpide orokor gisa, handitzea %10ekoa izango da gehien jota, gaur okupatzen duten espazioarekin alderatuta.
Casanovaren iritziz, adostutakoa posible zen legerik onena da, Europar Batasuneko araudia kontuan hartuta merkataritza jarduerari egin dakizkiokeen murrizketa bakarrek interes orokorrari erantzun behar diotelako derrigorrez. Hori dela eta, irizpide horri heldu diogu segurtasun juridiko handia duen lege bat onartzeko, eta akordioa aho batekoa izateak egonkortasuna ere emango dio. Egun garrantzitsua da euskal merkataritzarentzat”.
 

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatu dute Osasun sailburua uztailean ager dadila Legebiltzarrean

Rebeka Ubera eta Cristina Macazagaren iritziz, Nekane Murgak azalpenak eman behar ditu ezinbestean Osasun Sailaren jokabidea argitzeko. “Dokumentazioa gorde eta ez dio behar bezala lagundu Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa ikertzen ari den epaitegiari”.

| 2019-06-21 14:19:00

~~EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde parlamentarioek Legebiltzarreko Mahaiak uztaila habilitatu dezala eskatu dute Nekane Murga Osasun sailburua Osasun Batzordean ager dadin, bertan argitzeko nolako jokatu duen haren Sailak Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren auzian. Rebeka Ubera eta Cristina Macazaga legebiltzarkideek behar-beharrezkotzat jo dute uztaila habilitatzea, Legebiltzarrak lehenbailehen ezagutu behar dituelako Murgaren azalpenak.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeetako legebiltzarkideen iritziz, “Osasun Sailaren jokabidea ezbaian dago, berak eginiko barne ikerketan bildutako dokumentazio osoa lehenengo minutuan fiskalaren eta epailearen esku utzi beharrean, hainbat grabazio eta agiri gorde zituelako eta ez zituelako epaitegira bidali epaileak berak espresuki eskatu arte. Hori dela eta, lasai asko uler daiteke Osasun Saila, ikerketa bultzatzen lagundu ordez, oztopatzen saiatu dela”.
“Lan Eskaintza Publikoan gertaturiko irregulartasunak epaitegian daudenetik argitaratu den informazioa ezagututa, agerikoa da Osasun Sailak ez diola Justiziari behar bezala lagundu oposizioetan jazo dena argitzeko eta horretan egon daitezkeen ardurak, politikoak barne, zehazteko; Murgaren Departamentuaren borondate falta argia da”, Ubera eta Macazagaren esanetan.
 

Euskadiko Eskola Kontseilua demokratizatzeko eta ahalduntzeko Lege proposamena aurkeztu du EH Bilduk

Erakundearen funtzionamendua 1988 Legean arautu zenez, ez dio gaur egungo errealitateari erantzuten. Hortaz, Hezkuntza komunitatearen parte hartzea eta elkarlana sustatzeko tresnak berritu egin behar dira

| 2019-06-21 13:31:00

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak Euskadiko Eskola Kontseiluari buruzko 13/1988 Legea hobetzera bideratuta dagoen Lege Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. 2018an Lege horren egokitzapen bat egin zen arren, aldaketa oso mugatua eta testimoniala izan zen. Horregatik, indarrean jarraitzen du orain dela hogei urte onartutako araudiak, eta ez dio erantzuten gaur egungo errealitateari. Hortaz, Euskadiko Eskola Kontseiluaren funtzionamendua garai berrietara egokitu behar da, praktika demokratikoagoak sustatzeko helburuarekin.

Hori dela eta, EH Bilduk 12 artikulu dituen Lege Proposamen bat aurkeztu du, Kontseiluan parte hartzea sustatzeko eta Osoko Bilkuraren eskuduntzak zabaltzeko. Adibidez, gaur egun Kontseiluko lehendakariaren esku dauden erabaki batzuk modu demokratikoagoan hartzea proposatzen da. Horrela, “Euskadiko Eskola Kontseiluaren erabaki lotesle guztiak Osoko Bilkuran hartuko dira, hala nola, Hezkuntza Sailari (edo bestelako sail edo erakunderi) bidali beharreko irizpenak Osoko Bilkuran bozkatuko dira”. Bestetik, Kontseiluko lehendakariaren izendapena Legebiltzarraren esku geratuko litzateke, eta ez Hezkuntza sailaren menpe, orain arte bezala.

Rebeka Uberaren ustez, “Euskadiko Eskola Kontseilua inoiz baino beharrezkoagoa du esku artean ditugun erronka konplexuen aurrean desberdinen arteko erantzun partekatuak eta adostuak erdiestea”. Horregatik, EH Bilduk 13/1988 Legeko  hainbat artikulu hobetzeko proposamena egi du, “etorkizunera begira, Hezkuntza eremuan behar diren eraldaketak bideratu behar direlako, hezkuntza komunitatearen parte hartze eta elkarlana garatzeko beharrezkoak diren espazio eta bitartekoei bide emanez”.

ALBISTEAK

EH Bilduk akordioa sustatu du kultura premia biziko ondasun gisa izendatzeko eta sektorea babesteko

2020-11-19 15:37:00

EH Bilduk garrantzitsutzat jo du Lakuak autokritika egin izana, orain arte hartutako neurrien gabeziak aitortu dituelako. Kulturaren aurrekontuari eutsi eta laguntzak egokitzeko konpromisoa azpimarratu du Estarronak.

Aernnovak 7 milioi euro baino gehiago jaso ditu laguntza publikoen bidez eta Jaurlaritzak esku hartu behar du kaleratzeak eragozteko

2020-11-19 13:51:00

EH Bilduk laguntza publikoek enpleguaren defentsari lotuta egon behar dutela azpimarratu du eta, aeronautika behin-behineko krisi batean dagoen arren, neurri traumatikoak ez hartzeko eskatu dio Aernnovari.

EAJk eta PSEk PP eta Voxekin bat egin dute euskara doan ikasteko eskubidea legez bermatzeko proposamena atzera botatzeko

2020-11-19 11:25:00

EH Bilduk euskara ikastea C1 maila lortu arte doakoa izan dadila proposatu du euskaraz jakiteko eskubidea herritar guztiei aukera berdintasunean bermatzeko.

Datu ofizialek gasaren aldeko Jaurlaritzaren eta EAJren apustu estrategikoaren porrot erabatekoa frogatzen dute

2020-11-18 14:30:00

EH Bilduk estrategia hori behingoz amaitzeko eskatu dio Lakuari, “EAJren hanka-sartzea ezin dugulako herritar guztiok ordaindu diru publikoa zulo beltz batera botatzen”. Gobernuaren aurreikuspenek goitik behera huts egin dute: aurten 180 milioi metro kubiko gas ateratzea espero zuten urtarriletik ekainera, baina 23 baino ez dituzte atera.