AKTUALITATEA


| 2025-03-26 15:28:00

EH Bildu kezkatuta agertu da Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak gaur Legebiltzarrean egin duen diskurtsoarekin, uko egin baitio irrati-telebista publikoari buruz ponentzia ofizial batean EAJk eginiko gogoetaz iritzia emateari. Izan ere, EAJren arabera, EITB, gizartearen aniztasuna islatuz, ez da “Alderdiaren bidezko interesetatik bereizi” behar, eta halaxe jaso zuen bere ponentzia politikoan. Horrek, ohartarazi du Garikoitz Mujika EH Bilduko legebiltzarkideak, “gizartean orokortua den pertzepzioa indartzen du, EITB alderdi baten nahikerien tresna delako pertzepzioa, alegia”.

Horren inguruko iritzia emateko agertu da gaur Legebiltzarrean Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, Mujikak eskatuta, baina EAJren esanak ez baloratzea hobetsi du. Mujikaren iritziz, baina, kezkagarria da Aldekoaren isiltasuna, “EITB alderdi baten nahikerien tresna delako pertzepzioan sakondu duelako”.

EITBko sare sozialen arduradunaren izendapena

Bere agerraldian, Aldekoak azalpenak eman ditu Nagore de los Rios EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendari berriaren izendapenari buruz. De los Riosek ez daki euskaraz, eta EITBko Erredakzio Batzordeak haren izendapena bertan behera uztea eskatu du, irrati-telebista publikoaren sare sozialen ardura duen profesionalak bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai izan behar duelakoan.

Garikoitz Mujikak De los Riosen beraren agerraldia eskatu zuen, bai eta EITBko Giza Baliabideen zuzendariarena ere, lehenengoaren izendapenarekin amaitu zen hautaketa prozesuaren inguruko xehetasunak ezagutzeko. Hala ere, ez bata, ez bestea ez dira Legebiltzarrean agertu, EAJk eta PSEk hala erabakita. EH Bilduko legebiltzarkideak irmo salatu du erabaki hori, goi-kargudunek Legebiltzarrean agertzeko obligazioa dutelako hala eskatzen zaienean. “Horri buruzko txosten juridikoa eskatuko diegu Legebiltzarreko legelariei, oso larria delako obligazio horri muzin egitea; agerian uzten du zein den gobernu honen gobernantza eredua eta nola ulertzen duen gardentasuna”.

EITBko sare sozialen arduradunaren izendapenari dagokionez, Mujikak arriskutsutzat jo du EITBk erabaki horrekin euskal gizarteari bidali dion mezua, hain justu hizkuntza eta profesionaltasuna kontrajartzen dituzten diskurtsoak ugaritzen ari direnean, euskararen aurkako oldarraldi betean. “Zein mezu bidaltzen zaio izendapen horrekin Euskal Herriari? Hau medikuei dagokienez entzun dugu, euskara eskakizunak gutxiesten. Profesionaltasuna hizkuntzarekin lotzen dituzten sekulako astakeriak entzun ditugu azken aldian, eta testuinguru horretan erabaki da izendapen hori, euskararen eta euskal kulturaren aurkako erasoaldi baten aterkipean. Kutxabankeko presidenteak ere horrelako astakeriak esan ditu, eta gaur ere harriduraz ikusi dugu Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua esanez euskara oztopo izan daitekeela talentua erakartzeko”.