Euskal Okela markaren eboluzio kezkagarriak bultzatuta, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Eusko Labelean dauden ustiategien errentagarritasuna bermatzea helburu duena. Zehazki, Mikel Diaz de Alda legebiltzarkideak sinatzen duen ekimenak Jaurlaritzari eskatzen dio sektoreko eragile guztiek (abeltzainek, kooperatibek, saltokiek eta administrazioek) parte hartuko duten mahai bat eratu dezala berehala, “Euskal Okelaren planteamendu berri bat gauzatzeko, ekoizpen katearen katebegi guztien errentagarritasuna ziurtatuko duena, batez ere, ekoizleena”. Halaber, Jaurlaritza tramitatzen ari den Okelaren Plan Sektorialean lehentasun nagusiak abeltzainen errentagarritasuna bermatzea, Labelaren birplanteamendua egitea eta haragi kate osoaren egituraketa berria izan daitezela proposatzen du.
Pasa den ostiralean, EHNE sindikatuak azken sei urteetan milioi bat kilo Euskal Okela gutxiago ekoizten dela salatu zuen, eta EH Bilduko legebiltzarkideak ere bilakaera horri erreparatu dio bere proposamena justifikatzeko. “2022az geroztik ustiategien kopurua %9 jaitsi da, baina Eusko Labelean dauden ustiategien jaitsiera %25ekoa izan da, 607 ustiategi izatetik 455 izatera pasa baikara, eta denbora tarte honetan abelburuen kopuru orokorra %2 igo bada ere, Eusko Labelean %14 jaitsi da, 32.308 abelburutik 27.806 abelburura pasatuz. Dudarik gabe, datu hauek Euskal Okelaren bilakaera txarra eta kezkagarria dela argi azaltzen dute, eta ez da harritzekoa, beraz, sektoreko eragileek egoera muturrera iristen ari dela ohartarazi izana”.
Diaz de Aldak azaldu duenez, eboluzio horren zergatia ekoizleen errentagarritasun faltan bilatu behar da. “Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak esandakoaren kontrara, abeltzainentzat errentagarriagoa da txekorra saltzea, haragirako gizentzea baino. Izan ere, ekoizle txikietan oinarritutako euskal eredua, orain arte nagusi izan dena, babestu beharrean, Jaurlaritza enpresa handien eskuetan dagoen modeloaren alde egiten ari da”.