EH Bilduk ekimen sorta abiarazi du Legebiltzarrean PISA txostenaren emaitza txarren arrazoiak behar bezala, seriotasun eta zorroztasun osoz, aztertzeko, inolako oinarririk ez duten irakurketak saihestuz. Alde horretatik, bereziki kezkagarriak dira Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak egindako adierazpenak, euskara jopuntuan ipini duelako PISAren emaitzen ondorioz.
Josu Aztiria legebiltzarkidearen iritziz, “arduragabekeria da PISAren emaitzak eta euskararen murgiltze-eredua lotzea, Bengoetxeak egin duen bezala. Izan ere, alde batetik, murgiltze-eredua emaitza akademikoekin lotutako faktore gisa aurkeztu du, baieztapen hori inongo azterketa eta ebidentziarik gabe oinarrituz; bestetik, adierazpen horiek ezin dira bereizi Jaurlaritzak Hezkuntza Akordioan eta Hezkuntza Legean ikasleen aukera berdintasuna bermatu eta hizkuntza gaitasunak hobetzeko zehazten diren konpromiso eta erantzukizun politikotik, eta azkenik, euskararen biziberritze-prozesuak dituen erronken testuinguruan, bereziki garrantzitsua da erakunde publikoek hizkuntza politikari eta hezkuntza ereduari buruzko diagnostikoak datuetan, ebidentzian eta azterketa zorrotzean oinarritzea eta egoera politikoak eskatzen duen ardura politikoarekin jokatzea”.
Horren ildotik, Aztiriak PISAren emaitza txarretan Jaurlaritzak duen ardura azpimarratu du, “Hezkuntza Akordioan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistema eraldatzeko adostu genituen neurriak garatu ez dituelako”. Gogorarazi duenez, “adostu baina burutu ez dituen neurrien artean hizkuntza-ereduen eraldaketa eta euskara ardatz duen sistema eleaniztuna garatzea daude, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean (DBH) ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila izango dutela bermatzeko helburuarekin eta euskararen garapenean jauzi bat emateko xedearekin”.
Hori horrela, eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren adierazpenek duten larritasuna aintzat hartuta, EH Bilduk haren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, “PISAren emaitzen aurrean eta euskararen murgiltzeak izan duen pisuaren inguruan Jaurlaritzak duen iritzia ezagutzeko”.
Halaber, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren eta Adituen Ebaluazio Foroaren agerraldiak ere eskatu ditu koalizio subiranistak, PISAren emaitzak maldan beherako joera kezkagarriaren isla direlakoan. Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “emaitza kaxkar hauek arrazoi ezberdin asko dituzte; beraz, gaiak duen konplexutasuna kontuan hartuta, arrazoi horiek ondo aztertzea eta aurrera begira hartu beharreko neurriak argi izatea ezinbestekoa da. Horregatik da garrantzitsua Hezkuntza sailburuak zein Ebaluazio Foroak egoera horren inguruan egiten duten hausnarketa eta aurrera berrira proposatzen dituzten neurriak lehenbailehen ezagutzea”.