Pasa den asteko politika orokorreko osoko bilkuran Pello Otxandianok iragarri bezala, EH Bilduk proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Adimen Artifizialari buruzko azterketa batzorde berezia sortzeko. Izan ere, Adimen Artifizialaren garapen azkarrak esparru guztietan duen gero eta presentzia handiagoak beharrezko egiten du haren eraginari buruzko hausnarketa eta eztabaida publiko eta instituzionala sustatzea, bai eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezko neurriak aztertzea ere.
Hala, EH Bilduk proposatutako batzorde bereziak aukera emango luke Adimen Artifizialaren eraginaren aurrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ditugun lehentasunezko herri erronkak identifikatu eta zehazteko, ditugun gaitasunak eta gabeziak aztertzeko eta horiei aurre egiteko herri estrategia integral baten oinarriak ezartzeko. Alde horretatik, batzordeak mandatu politiko argia izan beharko luke: gure abiapuntua diagnostikatzea, indarguneak eta gabeziak identifikatzea, aukerak eta mehatxuak aurreikustea, lehentasunak ezartzea eta beharrezko neurriak proposatzea, agenda publiko burujabe baten oinarriak eraikitzeko eta Adimen Artifizkala gobernatzeko, erregulatzeko eta haren potentziala gure herri erronken zerbitzura jartzeko.
EH Bilduren iritziz, Adimen Artifizialaren garapena eraldaketa historiko eta estrategiko baten abiapuntua da, gizartearen, ekonomiaren eta erakundeen funtzionamendua, gobernantza eredua eta baita gure izaera antropologikoa ere sakon aldatzeko ahalmena duen prozesu eraldatzaile eta disruptiboa baita. Hortaz, ezinbestekoa da EAEk eraldaketa horren aurrean duen posizioa, dituen gaitasunak eta gabeziak, aukerak eta mehatxuak eta etorkizunean eraiki nahi dugun herri ereduarekin duen harremana aztertzea.
Horrek esan nahi du gure gaitasun teknologiko eta konputazionalak, datuen gobernantza, industria- eta ikerketa-sarea, hezkuntza- eta enplegu-gaitasunak, kultura, zibersegurtasuna, azpiegitura estrategikoak eta herritarren ahalduntze digitala modu bateratuan aztertzea, baita gaur egun ditugun mendekotasunak eta etorkizunean garatu beharreko burujabetza teknologikorako gaitasunak ere. Horretarako, ez da nahikoa administrazio edo sektore bakoitzaren ikuspegitik jardutea, herri ikuspegia behar da, eta Legebiltzarrak badu horretarako erantzukizun politikoa.