AKTUALITATEA


| 2024-02-06 14:43:00

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarengana jo du berriz ere eta beste galdera sorta bat aurkeztu du Legebiltzarrean, azalpen gehiago eman ditzan Zubietako erraustegiak Artaxoako tratamendu-planta batera bidalitako 5.000 tona hondakinei buruz. Izan ere, Tapiak atzo emandako erantzunek (https://labur.eus/3KcdJ) “zalantzak argitu baino, kezka areagotu dute Nafarroako Gobernuak salatu duen hondakinen bidalketa horren inguruan”, Artaxoako planta ixteko agindua ematera eraman duena, 2022an eta 2023an gaizki kodifikaturiko hondakin likidoak Zubietatik jasotzeagatik.

Lehenik eta behin, Oteroren iritziz, “bistakoa da sailburuaren erantzunak Urkulluk pasa den ostiralean Legebiltzarrean esan zuena zuzentzera datozela, lehendakariak ziurtatu baitzuen Zubietatik Artaxoara bidalitako hondakinak behar bezala kodifikaturik zeudela; orain, aldiz, Tapiak onartzen du bere sailak ez duela informaziorik lixibiatu horien karakterizazio posible bati buruz, eta hori oso garrantzitsua da, araudiaren arabera, karakterizazio hori egin gabe Zubietako hondakin horiek arriskutsutzat sailkatu behar zirelako, eta inoiz ez zirelako Artaxoako enpresara bidali behar izan, enpresa horrek ez duelako baimenik Zubietakoa bezalako instalazioen lixibiatuak tratatzeko. Hau da, Jaurlaritzak ez zuen kontrolatu ze nolako hondakinak ziren eta ez zuen inolako neurririk hartu horiek Nafarroara bidaltzea galarazteko”.

Sailburuak Legebiltzarrari igorritako informazioa harago doa, dena den, “aitortzen duelako erraustegiak hilabete luzez ezohiko funtzionamendu bat izan duela”. Zehazki, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Tapiak dio Zubietak Artaxoara bidalitako lixibiatuak ekoizteko baimena duela, ingurumeneko baimen bateratuaren arabera, baina gauza bat esatea ahaztu egiten zaio: baimen bateratu horrek lixibiatu horiek ekoizteko aukera onartzen du erraustegiaren funtzionamendua ezohikoa denean bakarrik, eta zehazten du istripuz isurketa bat gertatuz gero, isurketa hori berehala geldiarazi behar dela. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuaren salaketari esker dakigu Zubietan lixibiatuak ekoitzi direla azken bi urteoetan. Beste modu batean esanda, erraustegiaren funtzionamendua ezohikoa, irregularra, izan dela dakigu, bai eta denbora luze horretan ez duela arazoa konpondu ere”.

Oterorentzat “argi dago kasu honek Jaurlaritzaren kudeaketa txarra azaleratu duela, agerian utzi baitu Jaurlaritzak ez duela Zubietan dagokion kontrol ardura bete eta gutxienez 2022an eta 2023an ohikoa izan delako erraustegiaren funtzionamendu irregularra: batetik, arriskutsutzat hartu behar ziren hondakinak ekoitzi ditu eta, bestetik, hondakin horiek tratatzeko baimenik ez zuen planta batera bidali ditu hala ere”.

Hori horrela, “kasu honen inguruko azalpen guztiak eskatuko dizkiogu Arantxa Tapiari, kontua hain larria izanik, gardentasunak erabatekoa izan behar duelako”.