EH Bilduk proposamen sorta ipini du mahai gainean Legebiltzarrean, Arabar Errioxako familia upategien eta upategi txikien biziraupena bermatzeko asmoz, “upategi horiek funtsezko eragile ekonomiko-sozialak direlako eskualdeko landa garapenaren eta bertako herrien iraupenerako, eta, beraz, haien biziraupena behar estrategikoa delako”, Itxaso Etxebarriak adierazi duenez.
“EH Bildun –esan du– argi dugu Arabar Errioxako familia upategiak eta upategi txikiak ezinbestekoak direla ez soilik eragile ekonomiko gisa; ezinbestekoak dira gure herrien bizitza hezurmamitzeko, gure lurralde oreka mantentzeko, gure landa garapena gauzatu ahal izateko. Ez da nahikoa upategi handi eta multinazionalek mahatsondoen ustiapenarekin jarraitzea. Ezinbestekoa da kudeaketa hori gure nekazarien eta upategi txiki eta familiarren esku egotea. Bestela, eskualdearen izaera, nortasuna eta etorkizuna arriskuan egongo dira”.
Azken urteotan Arabar Errioxan 100 upategi inguru itxi eta 700 lanpostu baino gehiago galdu direla gogorarazi du Etxebarriak, eskualdean ardogintza sektoreak bizi duen krisiaren adierazle gisa, eta egoera horri aurre egiteko, upategi txikien biziraupena bermatzeko, neurri sorta proposatu du, baina, tamalez, EAJren eta PSEren ezezkoarekin egin du topo.
Lehenik eta behin, EH Bilduko legebiltzarkideak kontratuak berrikus ditzala eskatu dio Jaurlaritzari, Elikadura Katearen Legea behar bezala betetzen dela egiaztatzeko. Izan ere, publikoa eta ezaguna da eskualdean mahatsa ekoizpen kostuen azpitik ordaintzen ari dela, baina inork ez du ezer egiten legez kontrakoa den praktika hori eragozteko.
Halaber, “Jaurlaritzak, Aldundiarekin lankidetzan, ardogintza arloan martxan jartzen diren diru-laguntza programa guztietan Araban ekoiztutako mahatsa erabiltzea saritzea” ere proposatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Honen helburua Arabar Errioxako mahastizainen etorkizuna bermatzea da; kalitate goreneko mahatsa dugu, kalitate goreneko ardoa ekoizten dugu eta gainontzeko eskualdeetatik bereizi nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da gure mahatsa behar bezala baloratzea eta ordaintzea. Ehuneko ehunean gure mahatsarekin egindako ardoen ekoizpena sustatuko bagenu, merkatuak ez luke prezioetan horrenbesteko eraginik izango eta mahastizainek bidezko prezioak kobratuko lituzkete”.
Hirugarrenik, Arabako Errioxa marka berreskuratzeko urratsak egiteko eskatu dio Lakuako Gobernuari, bertako upategiak bereizi ahal izateko, hori urteetako aldarrikapena baita eskualdean.
Azkenik, Etxebarriak Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak duela gutxi Arabar Errioxako upategiei buruz eginiko adierazpenak kritikatu ditu, batzuek itxi beharko dutela onartu baitzuen, inolako irtenbiderik eskaini gabe. “Ez da onargarria upategiak ixteari buruz hitz egitea, hori fenomeno naturala balitz bezala. Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egin behar du itxierak saihesteko, alternatibak eskaini behar ditu; hori da bere eskumena eta bere erantzukizuna, eta horretarako bere politiken norabidea aldatu behar du, inertziak porrot egitera eramango gaituelako”.