EH Bilduk Lasarteko eta Andoaingo osasun zentroak indartzeko eskatu dio Osasun Sailari, “Lehen Arretan arazoak orokorrak izanda ere, bi anbulatorio horietan nabarmena baita egoerak okerrera egin duela azken urte eta hilabeteotan”, Rebeka Uberak ohartarazi duenez. “Harrigarria da ez Osasun Sailak, ez Osakidetzak, egoera zein den jakinda, oraindik neurriak hartu ez izana egoerari buelta emateko; horren adibide da Betetzeko Zailak diren Lanpostuen Lan Eskaintza Publikoa, bertan plaza bat bera ere ez dagoelako ez Lasarteko anbulatorioan, ez Andoaingoan”.
Hori ikusita, EH Bilduko legebiltzarkideak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Osasun Sailari bi zentro horiek indar ditzala eskatzeko. Besteak beste, aurten bukatu duten egoiliarrei kontratu luze eta erakargarriak eskaintzea proposatu du, Andoainen eta Lasarten bete gabe dauden plazak betetzeko.
Halaber, Osasun Sailari galdegin dio bi anbulatorio horietako lantaldeei buruzko azterketa sakona egin dezala, bertako langileekin batera eta fokua betetzeko zailak diren lanpostuetan ipinita, eta Lehen Arretako unitateetako buruei ahalmena eman deiezaiela langileekin adostutako ordutegiak eta txandak antolatzeko. Izan ere, arratsaldeko txandak betetzeko dauden zailtasunak ikusita, ordutegia eta txandak egokitzeko aukera eman behar zaie, betiere arretaren kalitatea eta luzarokotasuna lortze aldera. Uberak azaldu duenez, “Lehen Arretaren egoera aztertu den hainbat forotan berretsi izan da osasun zentro bakoitzak autonomia izan beharko lukeela bere jarduna antolatzeko, bere komunitateari egokiturik, aurrekontu propioa kudeatuz eta taldean lan eginez, bakoitzak dituen beharrei erantzuteko”.