EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osakidetzan betetzeko zailak diren lanpostuak modu egonkorrean betetzeko helburuarekin, “gaur egun dugun egoerak, non hainbat tokitan lanpostu batzuk sistematikoki bete gabe geratzen baitira, eremu batzuetan kalitatezko osasun arreta bermatzea zaildu egiten duelako, bizitokiaren arabera desberdintasunak sortzen dituelako eta, era horretan, ekitatiboa ez den osasun sistema baterantz garamatzalako”, Rebeka Uberak azaldu duenez.
Arazoa konpontzeko asmoz, EH Bilduko legebiltzarkidearen proposamena da Osakidetzak, Mahai Sektorialarekin elkarlanean, diagnostikoa egin eta identifikatu ditzala betetzeko zailak diren lanpostuak, arreta berezia ipiniz Lehen Arretako zentroetan, Etengabeko Arreta Guneetan eta Eskualdeko Ospitaleetan, eta, behin diagnostiko hori eginda, lanpostu horiek hornitzeko neurriak zehaztu ditzala, lanpostu bakoitzak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, “ez baitira berdinak landa eremuko lanpostuek behar dituzten pizgarriak eta arratsaldeko txandetan hiriguneetan daudenek behar dituztenak”.
Halaber, Uberak azpimarratu duenez, “behar-beharrezkoa izango da lanpostu horiek betetzeko kontratuetan baldintza bereziak txertatzea, lanpostuak modu egonkorrean beteko direla ziurtatzeko”. Izan ere, Osakidetzak plaza horiek hornitzeko egin duen Lan Eskaintza Publikoak ez du hain garrantzitsua den egonkortasun hori bermatuko.
Uberaren iritziz, betetzeko zailak diren lanpostuen arazoa Osakidetzak urteetan garatu duen Pertsonal politikaren ondorio zuzena da. “Gobernantza, planifikazio, kudeaketa eta kontratazio eredu zehatz baten ondorioak pairatzen ari gara orain”.