AKTUALITATEA


| 2023-03-23 12:54:00

EAJk eta PSEk uko egin diote berriz ere EH Bilduk proposatutako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko prozesu legegilea abian jartzeari, uko egin diote organismo hori sortzeari, nahiz eta azken urteotan pilatzen ari diren ustelkeria kasuek agerian utzi duten egun praktika horiei aurre egiteko dauden mekanismoak ez direla nahiko, Fiskaltzak berak ere behin eta berriz ohartarazi ohi duenez. Hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk atzera bota dute EH Bilduren lege proposamena eta horren tramitazioa bera ere galarazi dute. “Praktika batzuk amaitzeko borondate falta erakutsi dute, euskal gizartean klientelismoa, faborezko tratuak edo adiskidekeria normalak diren markoan instalatuta, diru-laguntzak, kontratuak, lizitazioak edota enplegu publikoak lortzerako orduan alderdi politiko zehatz batetik gertu egoteak abantaila ematea normala balitz bezala”, salatu du Josu Estarronak.

Nafarroan eta beste hainbat erkidegotan horrelako organismoak existitzen direla gogora ekarri ostean, EH Bilduko legebiltzarkideak Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzearen beharra azpimarratu du, ustelkeriaren kontrako borrokan baliabide falta oso nabarmena delako. “Horregatik da beharrezkoa organo independiente espezifiko bat sortzea jardunbide desegokiak prebenitu, detektatu eta ikertzeko, salatzailearen anonimatoa bermatuko duena”.

Gai honetan ez dago erdibidean geratzerik, ohartarazi die Estarronak EAJ eta PSEri. “Edo praktika irregular horien kontra zaude edo, hein batean, horien konplizea zara, praktika horiek ahalbidetuz eta desagerrarazteko neurriak hartzeari uko eginez”.