AKTUALITATEA


| 2025-05-08 08:49:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, amuarekin aritzen diren arrantzaleek aurten berdelaren kosteran lortu dituzten emaitza kaskarrak konpentsatzeko asmoz. Izan ere, teknika hori erabiltzen duten itsasontziek 538 tona arrantzatu dituzte, dagokien kuotaren %14 bakarrik, iaz arrantzatu zutenaren erdia. Hori dela eta, kanpainaren emaitza txar horiei erreparatuz, Naiara Fernandez Madariaga EH Bilduko legebiltzarkideak proposatu du Jaurlaritzak, ahalik eta azkarren, amuko arrantzaleei konpentsatzeko beharrezkoak diren diru-laguntzak bideratu ditzala.

Fernandez Madariagak azaldu duenez, “arrantzale horien egoera kezkagarria da, euren harrapaketa guztien %40 berdelari dagozkiolako; bistakoa da, beraz, berdelaren kosteran kuotaren %14 soilik arrantzatzeak 2025eko kanpaina orokorraren emaitzak eta errendimenduak baldintzatu eta hipotekatzen ditu, txarrerako. Azken urteotan berdelaren kosteraren emaitzak ez dira onak izan, baina aurten bereziki txarrak dira, eta, EH Bilduren iritziz, Jaurlaritzak arduraz jokatu beharko luke diru-laguntzak emanez, konpentsazio moduan”.