EH Bilduk EAJ, PSE eta Sumar taldeekin adostu du atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko EAEren eskumena defendatzea eta, hortaz, babes errekurtsoa aurkeztea eskumen horren transferentzia, 2024ko otsailekoa, bertan behera utzi duen Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka. “Sententzia honek ageriko egiten du kamustutako eta gutxietsitako autogobernua dugula, eskuduntza guztiak jaso gabe eta hauek jasotzerakoan ere etengabeko erasoak pairatzeko arriskuan”, salatu du Oihana Etxebarrietak, eta azpimarratu du gaurko akordioak duen garrantzi eta balio politikoa. Izan ere, “ezinbestekoa da gure gaitasunak eta herri honen eskubideak elkarrekin babestea eta defendatzea”.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, Auzitegi Gorenaren epaiak berriz ere erakutsi du “oraindik ez daukagula gure eskubideak behar bezala ziurtatzeko behar adina berme, gure eskubideak ez daudela ziurtatuta, eta etengabe jasaten dituztela obsesio zentralizatzaile eta antidemokratikoen erasoak”.
Hori horrela, ezinbestekotzat jo du estatus politiko berri bat onartzea, “herri gisa ditugun eskubideak babesteko eta Estatuarekin dugun harremana birdefinitzeko. Gure politika publikoak eta zerbitzu publikoak bermatzeko, alegia, ongizatea ziurtatzeko, zenbat eta tresna gehiago izan, orduan eta hobeto. Ez gara adin txikikoak, ez gara inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Baliatu dezagun aukera herri gisa aurrera egiten jarraitzeko”.
Etxebarrietak gogorarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haien tituluen homologazioaren zain zeuden 200 pertsona “linbo egoera batean geratu dira, euren espedienteak blokeatuta”, Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondorioz. “Kualifikaturik dauden lanbideetan jarduteko duten eskubidea urratzen ari zaie, eta Ministerioak ofizioz ebatzi beharko luke euren tituluen homologazioa, berehala, tramite burokratikoak berriro egitera behartu gabe”.