AKTUALITATEA


| 2022-01-05 13:45:00

Legebiltzarrak otsailera arte ez du ohiko jarduna berreskuratuko, baina EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioek urtarrilean ere habilitatzea eskatu dute gaur, Parlamentuak osasun larrialdiak premiaz eskatzen dituen erabakiak eta neurriak hartu ahal ditzan. Egoera zail eta kezkagarri honetan Legebiltzarrak badu zer egin eta zer erabaki, aurrean duguna egoera larri eta konplikatu bat delako, eta ez bakarrik osasunaren ikuspegitik. Izan ere, birusaren transmisioa deskontrolaturik dago, izugarrizko kutsatze mailatan gaude, Europako altuenetakoetan eta egunetik egunera ematen diren zifrak izugarriak dira eta ukaezina da Lehen Arreta kolapsaturik dago.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren iritziz, “egoera zein den premiaz ebaluatu behar da, serio eztabaidatu, lehentasunak argitu eta hartu beharreko neurriak adostu; pandemiaren ondorioei ere nola aurre egin erabaki behar dugu denbora gehiago galdu gabe; horretarako eskatu dugu urtarrilaren habilitazioa”.

Pandemiaren efektuak osasun sistematik harago doaz: haurrak berehala itzuliko dira eskolara eta ez dago argi irakasle nahikorik egongo ote den, edota gurasoek lana eta familia kontziliatu ahal izango duten, seme-alabaren bat konfinatu behar izanez gero. Ez dago argi, ezta ere, egoera honetan kaltetuen ateratzen ari diren sektore ekonomikoak babes publikoa jasoko duten ala ez.

Legebiltzarra habilitatzeak hori guztia aztertzea, eztabaidatzea eta adostea ahalbidetuko luke, EH Bilduk lau legez besteko proposamen aurkeztu baititu norabide horretan:

Lehenengoak osasun sistemari erreparatzen dio. Espazio itxietarako estrategia bat zehaztea proposatzen du, airearen kalitatea bermatzeko iragazkiak jartzeko, esaterako, bai eta Lehen Arretako plantilla egonkortzea eta indartzea ere.

Bigarrenak Hezkuntza sistemari begiratzen dio. Planteatzen du, besteak beste, ikasgeletan CO2 neurgailuak jartzea, irakasleen bajak beteko direla bermatzeko mekanismoak jartzea eta familiei listu bidezko antigeno testak doan ematea, proba astean bitan egin ahal izateko.

Hirugarren proposamenak lana eta familia kontziliatzeko ezohiko diru-laguntzak berriz indarrean jartzea eskatzen du, zaintza lan horietarako langileak kontratatu ahal izateko ildoa ere txertatuta.

Azkenik, EH Bilduren laugarren proposamenak Jaurlaritzari eskatzen dio helburu berberarekin iaz atxiki zituen 50 milioi euroak erabil ditzala orain pandemiaren seigarren olatuak kaltetu dituen enpresa eta autonomoei laguntza lerro berri bat bideratzeko.