AKTUALITATEA


| 2025-09-30 12:05:00

Legebiltzarrak bihar Jaurlaritzaren 2025-2027 Etxebizitza Gida Plana eztabaidatuko duela baliatuz, EH Bilduk etxebizitza estrategia berri baten premia ipiniko du mahai gainean, egungo larrialdi egoera gainditzea ahalbidetuko duena. Xabier Astigarragak adierazi duenez, estrategia berri horrek bi zutabe izan beharko lituzke: batetik, merkatuaren dinamikan interbentzio publikoa areagotzea; bestetik, alokairu sozialeko etxebizitza parke baten aldeko apustu argia egitea. Alde horretatik, EH Bilduk 51 ebazpen proposamen aurkeztuko ditu bihar Gida Planaren eztabaidan.

Astigarragak frogatutzat ikusten du gero eta gehiago direla etxebizitza bat erosi ezin dezaketen herritarrak, azken urteotan herritarren gaitasun ekonomikoaren eta etxebizitzaren prezioaren arteko desoreka areagotu delako. Ondorioz, “alokairuzko etxebizitza babestua da etxebizitza beharrari erantzuteko Jaurlaritzak lehentasunez sustatu beharreko modalitatea eta bere estrategiaren ardatz nagusia”. Alde horretatik, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du Jaurlaritzak esfortzu askoz handiagoa egitea alokairu parke publikoa handitzeko, gaur egun “erabat ez-nahikoa delako eta bere hazkunde erritmoa ere txikiagoa delako”. Izan ere, “2020az geroztik 2.500 alokairuzko etxebizitza babestu soilik eraiki dira, baina Etxebideko zerrendan 20.000 gehiago dira alokairu horietako bat eskatzen duten pertsonak; desoreka bistakoa da”.

Azaldu duenez, gero eta gehiago dira alokairu merkatura jotzen duten herritarrak, etxebizitza jabetzan eskuratzea ezinezko dutelako, eta hori etxebizitza jabetzaren kontzentrazioa ekartzen ari da, eta ezberdintasun sozialak areagotu. “Testuinguru horrek eta erregulazio malguak etxejabeek prezioak igotzea ahalbidetu dute, merkatu oso errentagarri bilakatuz, eta, aldi berean, emantzipatzeko zailtasuna areagotu du, bizi-proiektuak duintasunez garatzeko zailtasunak areagotu ditu, kaleratzeak eragin ditu, eta logelen alokairua edo behin-behineko alokairuen fenomenoak zabaldu ditu”.

Alokairu sozialeko parke publikoa handitzearekin batera, prezioak kontrolatzeak duen garrantzia ere nabarmendu du Astigarragak, baina horretarako, gogorarazi du, nahitaezkoa da erreferentziazko prezioen indizeak argitaratzea, indize hori gabe ezin direlako alokairuak kontrolatzeko neurri guztiak indarrean sartu eremu tentsionatuetan. Hori horrela, gaur bertan aurkeztu duen mozio batean, autokritika egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, Arabako eta Bizkaiko indizeak oraindik argitaratu gabe daudelako (Gipuzkoakoa gaur argitaratu du Ministerioak). Halaber, Arabako eta Bizkaiko indizeak berehala argitaratzeko eskatu dio, “besteak beste, Gasteiz eta Bilbo barne biltzen dituzten eremu tentsionatuak izendatzen diren unerako erabilgarri egon daitezen”.

“Indize horien argitarapenaren atzerapenak eragin negatiboa du alokairuen kontrolerako politiketan”, azaldu du Astigarragak; beraz, “Jaurlaritzak autokritika egin behar du bere aurreikuspen faltagatik, bai eta diputazioekiko koordinazio faltagatik ere, eta hemendik aurrera gainerako instituzioekin burutu beharreko lankidetza garaiz planifikatu eta lideratu behar du”.