EH Bilduren iritziz, Osakidetzako zuzendaritzaren kargugabetzea justifikatzeko Alberto Martinez Osasun sailburuak gaur eman dituen azalpenak etsigarriak izan dira, “inkoherenteak, ulergaitzak eta funsgabeak” direlako, Rebeka Uberak esan duenez. Uztailean Osakidetzako kupularen aldaketa iragarri zuen sailburuak, neurri horrek osasun sistema publikoaren eraldaketa bizkortuko zuela argudiatuz. Uberak, aldiz, erabaki horren benetako arrazoiak zintzotasunez azaltzeko eskatu dio; izan ere, “sistemaren eraldaketa bilatu nahi baduzue, batez ere politikak dira eraldatu behar direnak, eta legealdiko lehenengo urte honetan ikusten ari garena ez da hori, zuen planteamenduetan ez dago berrikuntzarik”.
Horren ildotik, “arazoen muinera jo ordez, osasun sistema publikoa eraldatzeari ekin ordez, Osasun Sailaren ahaleginak nagusiki itxura egitean eta herritarrek Osakidetzaz duten pertzepzioa aldatzean zentratu dira”, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Uberarentzat, Martinez sailburuak kargugabetzeei buruz emandako azalpenak ez dira sinesgarriak. “Gobernu berria osatu eta urtebetera iragarri dituzue kargugabetzeak, inoiz ikusi ez dena. Urtebete honetan behin eta berriz esan duzue Osakidetzak hoberantz egin duela, baina, hala eta guztiz ere, goi arduradunak aldatu dituzue. Ez da ulergarria, guztiz inkoherentea da. Gauzak hoberantz badoaz, zergatik aldatu? Zein da egiazko arrazoia? Hori bakarrik jakin nahi dugu”.
Gainera, sailburuak esandakoaren kontra, Uberak zalantzan jarri du arduradun berriek balio erantsia emango diotela osasun sistemari, “kargutik kendu dituenek prestigio handia eta ibilbide luzea zeukatelako Osakidetzan, eta orain jarri dituenek, ordea, ez dute ibilbiderik ez Osakidetzaren gidaritzan, ez Osakidetzaren ezagutzan”.