EH Bildu 12/2016 Legea, EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa ematekoa, aldatzearen alde agertu da gaur, Estatuaren biktima guzti-guztiak aintzat hartu eta aitortza eta erreparazioa eman ahal izateko. Arkaitz Rodriguezek lege-erreformaren beharra aldarrikatu du Legebiltzarrean, biktima horien kasuak aztertzen dituen Balorazio Batzordeak urteko txostena aurkezteko egin duen agerraldian.
EH Bilduko legebiltzarkideak legeak ezarritako epeak eta kalte-ordainak berrikustea eskatu du. Azaldu duenez, epe bat ireki zen Estatuaren biktimek haien kasuak, haien eskaerak, Balorazio Batzordean aurkez zitzaten, eta asko dira aitortza eta erreparazio barik geratu diren biktimak, eskaerak epez kanpo aurkezteagatik. ETAren biktimen kasuan, aldiz, ez dago eperik, eskaerak edozein unetan aurkez ditzakete. Hori horrela, Rodriguezek “epe berri bat zabaltzea” eskatu du, premiaz, “Estatuaren ehunka biktima ezin direlako merezi duten aitortzarik eta erreparaziorik gabe geratu, eskaerak epez kanpo aurkezteagatik”.
12/2016 Legeak ezarritako 1978-1999 denbora-tartea ere zabaldu behar delakoan dago koalizio abertzalea, “1978 baino lehen Estatuaren biktimak egon zirelako, eta 1999 eta gero ere bai”. Horren haritik, lege-erreforma horren beharra argi baino argiago uzten duen Iratxe Sorzabalen kasua aipatu du Rodriguezek. Izan ere, “Auzitegi Nazionalak Sorzabal 2001ean basatiki torturatua izan zela onartu du, baina 2001. urtea legeak ezarritako denbora-tartetik kanpo dagoenez, Sorzabalek ez du modurik aitortza eta erreparazioa lortzeko. Hori ez da bidezkoa”.
Legeak Estatuaren biktimentzat aurreikusitako kalte-ordainei ere erreparatu die EH Bilduko legebiltzarkideak, eta atal horren erreforma eskatu du, kalte-ordain horiek ETAren biktimek jasotzen dituztenekin parekatzeko. “Estatuaren biktimei esleitzen zaizkien kalte-ordainak ETAren biktimei esleitzen zaizkienak baino askoz baxuagoak dira. Hori ulergaitza eta onartezina da”.
Balorazio Batzordearen urteko txostenari dagokionez, Rodriguezek Batzordeak egindako lana eskertu eta Jaurlaritzak organo horrek beharrezko dituen baliabideak emateko premia azpimarratu du. Izan ere, baliabide faltagatik bost biktima baino ez ditu aintzat hartu Batzordeak azken urtean. “Estatuak eragindako milaka biktima egon badaude, eta biktima guzti-guztiek merezi dute egia, justizia eta erreparazioa”. Ildo horri jarraituz, Estatuaren biktimek urte luzez pairatu duten negazionismoa, euren existentzia bera ukatzeraino, salatu du Rodriguezek. “Urte luzez auzitegiek ez ezik, instituzioek eta ordezkari politikoek ere beste alde batera begiratu dute, bai eta egia eta justizia bilatzea oztopatu ere”.