AKTUALITATEA


| 2023-10-09 11:24:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Arabako Batzar Nagusietan ere defendatuko duena, upategietan, sagardotegietan eta garagardotegietan hartzidurak sortutako karbono dioxidoaren isuriek eragindako istripuak saihesteko asmoz, Itxaso Etxebarria legebiltzarkideak eta Eva Lopez de Arroyabe Batzar Nagusietako bozeramaileak iragarri dutenez. Koalizioak prebentzio protokolo bat diseinatzea proposatu du istripu horiek prebenitzeko. Izan ere, gogora ekarri dutenez, “duela zortzi egun Lantziegoko upategi batean bi gizon itota hil ziren, eta hirugarren bat larri eraman zuten ospitalera; azken hiru urteotan lau dira guztira Arabar Errioxako upategietan itota hil diren pertsonak, eta uste dugu badela garaia neurriak hartzeko, horrelakoak berriz ez direla gertatuko bermatzeko”.

EH Bilduk proposatutako “prebentzio protokolo horrek zehaztuko luke zer nolako baliabideak eta tresnak behar diren upategietan” karbono dioxidoaren arriskua murrizteko. Itxaso Etxebarriak azaldu duenez, “Jaurlaritzak iaz argitaratu zuen txosten batek argi zioen upategi gutxik dauzkatela euren instalazioak behar bezala aireztatzeko sistema eraginkorrak edota karbono dioxidoa detektatzeko neurgailuak; hobekuntza eta egokitzapen horiek egitea ez da merkea, eta upategi txiki eta familiar askok ezin dute esfortzu ekonomiko hori egin. Horregatik, kasu horietarako Gobernuak diru-laguntzen lerro bat ireki dezala planteatzen dugu, egokitzapen horiek egiteko behar den finantzazioa errazteko”.

“Jaurlaritzaren txostenak beste ondorio bat utzi egiten zigun: upategietako langileen artean prestakuntza defizit bat dago. Ez dago informazio nahikorik eta ez dakite ondo nola jokatu intoxikazio kasuetan. Hortaz, prestakuntza saioak martxan jartzea proposatzen dugu, Osalanek koordinatuko lituzkeenak, prebentzio protokoloak ezagutzera emateko eta arriskuak saihesteko behar diren neurriez kontzientziatzeko. Eta azkenik, laugarren puntu gisa, eskatzen dugu Lan Ikuskaritza horren guztiaren gainean egon dadila, tresna eta baliabide horien erabilera berma dezala, eta, beharrezkoa balitz, arau-hausteak zigortu ditzala”.