AKTUALITATEA


| 2023-03-16 13:29:00

EH Bilduren iritziz, ulertezina da EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) berau kobratzeko baldintzak betetzen dituzten pentsiodun guztiei ofizioz, eskatu beharrik gabe, ordaintzearen aurka agertu izana, PP eta Vox bezala. Nerea Kortajarenak ekarri du proposamen hori Legebiltzarrera, 23.000 pentsiodun inguruk, emakumeek gehienbat, ez dutelako DSBE kobratzen, nahiz eta pobrezia egoeran dauden eta errenta hori jasotzeko baldintzak bete ditzaketen. “Izan ezezagutzagatik, izan tramitazioaren konplexutasunagatik, izan DSBEren inguruan eraiki den iruditegi kolektiboagatik, kontua da, pobrezia egoeran egonda, babes sistematik kanpo geratzen direnen ehunekoa oso altua dela, eta hori zuzentzea lehentasunezko izango beharko luke denontzat, sistemaren beraren helmena zabaltzeko. Errealitate hori aspaldikoa da, oso ezaguna, baina Jaurlaritzak ez du neurri bat ere hartu zuzentzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, bere proposamenarekin “zero pobrezia eszenatoki batera joango ginateke pentsiodunen artean”, DSBEren bidez pentsio txikiak osatuko liratekeelako hilero 1.013 euroko diru-sarrerak bermatu arte, betiere legean ezarritako bestelako baldintzak betez gero.

Egun 12.745 dira DSBEren osagarria jasotzen duten pentsiodunak eta Kortajarenaren proposamenarekin kopuru hori bikoiztuko litzateke gutxienez. Izan ere, SIIS-Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 23.000 pentsiodun mantenu pobrezia egoeran daude. “Beraz, premia egoeran egon daitezkeen pertsonen eta sistemaren babesa jasotzen dutenen arteko aldea oso handia da. Hori da gaur zuzendu nahi izan duguna, eta ulertezina da EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUren ezezkoa, are ulertezinagoa planteatu duguna teknikoki ere guztiz egingarria denean, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta bonu sozial termikoa halaxe ordaintzen direlako, ofizioz, eskatu beharrik gabe. Sistemaren babesa zabaldu beharrean, EAJk eta PSEk gastuaren kontrola lehenetsi dute, eta hori ez da onargarria milaka pentsiodun pobrezian bizi direnean”.