EH Bilduk mozio bat ekarri du gaur Legebiltzarrera Jaurlaritzak adimen artifizialean eta hizkuntza-teknologien sektorean erreferentzia diren euskal eragileak, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatea kasu, kontuan izan ditzan eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea xede duen Euskorpus egitasmoan, proiektu hori haiekin batera garatzeko, epe luzeko estrategia partekatu bat diseinatuta. Izan ere, Pradales Gobernuak Euskorpus abiatu du sektore horretan erreferentzialak diren hainbat eragile kanpo utzita.
Hori horrela, ulertezina da gaur Legebiltzarrean EAJk eta PSEk hasierako akats estrategiko hori zuzentzeari uko egin izana eta EHUren Hitz ikerketa zentroa, Langune edota Elhuyar bezalako eragileak baztertzearekin tematu izana.
Josu Aztiria legebiltzarkideak Europar Batasunak ezarritako irizpideak gogorarazi ditu, elkarlana, diru publikoaren erabilera eraginkorra eta gardentasuna, alegia, eta Euskorpus proiektuan Jaurlaritzak horiek guztiak urratu dituela salatu du. “Erreferentziazko eragilek baztertuz ez dirudi Euskorpus publiko-pribatu elkarlanaren aurkezpen-gutun onena denik. Izan ere, nola da posible hizkuntza-teknologietan Europako erreferenteak diren eragileen orain arte landutako baliabideak eta teknologiak ez kontuan hartzea? Nola da posible dagoeneko diru publikoz lagundutako euskarazko bi corpus handi eta libre egonik hirugarren batekin hastea? Areago, Euskorporako lehendakariak eta Vicomtech-eko zuzendariak esan du eratuko den corpusa, %100 diru publikoz lagundu arren, ez dela publikoa eta librea izango”.
Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak egitasmo horren finantzazio publikoaren gardentasuna bermatu beharra ere azpimarratu du, “oraindik ikusteko baitago nola eman nahi dion Jaurlaritzak bost milioi euro zuzenean Euskorpora elkarteari, objektibotasunaren, lehia-askearen eta aukera-berdintasunaren printzipioak urratu gabe. Alor honetan eragile teknologiko eta esanguratsuak egonik, jakin nahiko nuke zein irizpideren arabera aukeratzen den zentro teknologiko jakin bat eta zergatik ez beste erakunde bat”. Irizpide objektibo eta gardenak eskatu ditu, beraz, diru publikoaren banaketa “ezin delako inondik ere oinarritu kudeatzaile batek alderdi politiko jakin batekin dituen harremanen arabera”.
Euskorpus proiektuaren aferan aurreiritziak eramanda aritzea leporatu dio Aztiriak Jaurlaritzari, “eta aurreiritziekin jokatzen dugunean zaila da gobernantza etiko bat aurrera eramatea”. Izan ere, “EHUrekiko, euskararen gizarte-erakundeekiko eta hizkuntzen industria osatzen duten eragile askorekiko aurreiritzi asko daude. Sakon-sakonean badago aurreiritzi bat, pentsatzen da Unibertsitate Publikoa edo euskalgintzaren erakundeak bigarren mailakoak direla, eta beste aurreiritzi bat ere badago, ideologikoagoa. EAJko buru den Mediavillak oso argi adierazi du Noticias Taldeko egunkarietan idazten duen asteroko artikuluan: Euskorpora-tik kanpo geratu diren eragileak EH Bilduren orbitakoak dira. Honek guztiak gogorarazi dit euskararen biziberritzean historiko gertatu izan diren bikoizketa eta lehia antzua : AEK eta HABE, Euskaldunon Egunkaria eta Egunero; Bai Euskarari eta Bikain; Hizkuntzen Behatokia eta Elebide. Gainditutzat jotzen genuen lehia antzuen beste kapitulu bat ematen du. Baina kasu honetan are larriagoa da; beste aldean, Euskorpora eta Euskorpus proiekturik kanpo unibertsitate publikoa, hizkuntzen industriako euskal enpresak eta gobernuak berak parte hartzen duen fundazioak geratuko direlako”.