AKTUALITATEA


| 2025-03-28 10:29:00

EH Bilduk positibotzat hartu du Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalera jotzeko hartu duen erabakia, atzerriko titulazioen homologazioaren eskualdatzearen baliogabetzearen aurkako helegitea aurkezteko. Nolanahi ere, EH Bilduren iritziz, unea da indar politiko guztiok elkarrekin lan egin eta herri ikuspegiarekin jokatzeko.

Auzitegi Gorenak atzerriko unibertsitate titulazioen homologazioaren eskumena baliogabetzeko hartutako erabakiak, beste behin, gizartearen eta ekonomiaren ongizaterako funtsezkoak diren gaiak subiranotasunarekin estu lotuta daudela erakusten du. Gure baliabideak nola antolatu eta gaur egungo profesionalen eskasia nola konpondu erabakitzea ezinbestekoa da gure herriaren garapena bermatzeko.

Ildo honetan, kezka agertu nahi dugu egun ziurgabetasun egoeran, haien tituluak homologatu zain, dauden 200 pertsonen inguruan. Jaurlaritzak aurkeztutako helegiteak haien egoera modu egokian konpontzea espero dugu.

Uste dugu atzerriko unibertsitate titulazioen homologazioa funtsezkoa dela beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsonen laneratzerako, eta horiek nabarmen lagun dezaketela gure herriaren garapen ekonomikoan.

Eskumen honen inplikazio praktikoetatik harago, uste dugu, beste behin, gure eskubide historikoen eta gure autogobernuaren aurkako eraso baten aurrean gaudela. Egoera honek agerian uzten du estatus politiko berri baten beharra, hemen oinarrizko gaien inguruan erabaki ahal izateko eta Estatuarekin berdinen arteko harremana ezartzeko, gure eskubideen benetako berme eta errespetua eman dadin.

Azpimarratzen dugu herri gisa jokatu behar dugula eta gainerako indar politikoekin elkarlanean aritzeko gure prestutasuna adierazten dugu, auzi hau modu bateratuan jorratzeko.