Aiaraldeko industria sarearen suntsipenaren aurrean Jaurlaritza erakusten ari den geldotasuna salatu du EH Bilduk, eta aurpegiratu dio eskualderako berehalako jarduera plana “amaigabeko geldotasun plan” bihurtu duela, Itxaso Etxebarria legebiltzarkideak adierazi duenez.
Etxebarriak gogorarazi du Legebiltzarrak 2021ean onartu zuela Aiaraldea suspertzeko lantaldearen irizpena, EH Bilduk 2019an egindako ekimen baten ondorioz. Gerora, horri jarraiki, Lakuak eskualderako berehalako jarduera plana onartu zuen, 2022an, eta 2023an plan horretarako aurreikusitako aurrekontuaren %60 aktibatuta zegoela esan zuen arren, bistakoa da “ustezko aktibazio horrek ez duela benetako inbertsiorik ekarri, eta iragarrita zeuden neurriak literatura baino ez direla izan".
EH Bilduko legebiltzarkidea kezkatuta agertu da, beraz, enpresak itxi eta 500 lanpostu galtzeko benetako arriskua egon arren, Jaurlaritzak ez diolako dagokion ardurari heldu. “Laudio Glass Hub programan proiektu bat bera ere ez da martxan jarri, eraginkortasun energetikoa eta deskarbonizazioa handitzeko neurrien balantzea tamalgarria da, ez da euro bakar bat ere inbertitu lurzoru industriala berreskuratzeko eta Murgako industrialdea abandonaturik dago, nahiz eta Aiarako Udalak horren eguneratzea eskatu duen”.
Horren ildotik, Etxebarriak “eskualdean ezartzen ari diren enpresak behar bezala ez babestea” egotzi dio Jaurlaritzari. “Laudio Glass Hub proiektuan inbertitu ez duen dirua bideratu zezakeen Aiaraldearen aldeko apustua egiten ari diren beste ekimen batzuetara, baina ez du hala egin, aukera hori alferrik galtzen utzita”.