AKTUALITATEA


| 2026-03-12 11:02:00

EH Bilduk proposamen argia egin du gaur Legebiltzarrean, “herritar bakar bat ere ez dadin geratu euskararik jakin gabe dirurik edo denborarik ez duelako”. Zehazki, B2 mailara arte euskara ikastea doakoa izan dadila proposatu du Josu Aztiriak, eta hori lortzeko plangintza zehatza egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, doakotasuna, erabatekoa, errealitate bat izan dadin datorren ikasturtean B1 mailara arte eta 2027-2028 ikasturtean B2 mailara arte, dirua aurreratzeko eta ikasmaila gainditzeko baldintza kenduta. Ekimena justifikatzeko, Aztiriak azaldu du “ez dela egia gaur egun doakotasuna dagoenik, hala esaten den arren; izan ere, matrikula-kopuru bat ordaindu behar da eta ikasleek dirua aurreratu behar dute, laguntza ikas-maila gainditzearekin lotuta dago eta ordu-muga bat dago”

Koalizio abertzalearen proposamena, baina, ez da aurrera atera, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dutelako, PPk eta Voxek bezala. Inkoherentzia leporatu die horregatik Aztiriak, gaur Gasteizko Legebiltzarrean proposatutakoa Nafarroan jada adostuta eta bideratuta dagoelako Geroa Bai eta PSNrekin batera. “Klasiko bat bihurtzen ari da Nafarroan posible dena hemen ez egitea; EAJri bost axola zaio Nafarroan gauza bat egitea eta beste bat hemen, Gipuzkoan gauza bat hitzartu eta testu berberari hemen ezezkoa ematea, EH Bildurekin ez adosteagatik. Gauzarik zentzuzkoenei ere ezezkoa emateko gai da EAJ, uste duelako gurekin adostea ez duela etekinik ematen. Bada, gaur doakotasunean aurrera egiteko eta euskara ikasteko denbora emateko neurriei ezezkoa eman die”.

Jaurlaritzari ere inkoherentzia egotzi dio legebiltzarkide independentistak, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak migratzaileen erregularizazioa euskararen ezagutza eskatzearekin lotu duelako, baina gaur Gobernuko alderdiek ezezkoa eman diotelako migratzaile horiei ere euskara ikasteko baliabideak eta erraztasunak eskaintzeari. “Gu ados gaude neurri horrekin harrera-prozesu zabal batean kokatuta, baina funtzionario izateko bi hizkuntzak eskatzea gehiegikeria da, baina ongi dago migratzaileei eskatzea herritartasuna lortzeko? Lehen eta bigarren mailako herritarrak daude? Klasismoa ikusten dut hor”.

“Euskararen aldeko borroka eta bere ezagutza unibertsalitatzeko herri-erronka hiztun guztien egiazko berdintasunaren aldeko borroka” dela gogora ekarri ostean, Aztiriak nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 40 urteotan euskara ezagutu eta ulertzen dutenen kopurua bikoiztu dela, % 22tik % 44ra pasata, baina, ohartarazi duenez, “hizkuntzen arteko jerarkia bat dagoelako eta hizkuntza-politikan eman behar ziren urratsak eman ez direlako, unibertsaltasuna urrun dago oraindik, euskara ez dakiten 898.278 herritar baitaude; eta 2040. urtera bitarteko proiekzio demolinguistikoek esaten digute portzentaje horiek berdin mantenduko direla, orain arteko politika publikoak aldatzen ez baditugu behintzat”.

Horren haritik, azpimarratu du hizkuntzak integraziorako tresna izan behar duela datozen urte eta hamarkadetan lanera eta bizitzera etorriko diren pertsonentzat, Migrazioaren Euskal Itun Sozialak ere adierazi bezala. Horretarako, euskara ikastearen doakotasuna, gaur EH Bilduk defendatu duen proposamena, erabakigarria litzateke norabide horretan, HABEren ikerketa baten arabera, EAEko herritarren %60k nahiko luketelako, neurri batean edo bestean, euskara ikasi. Hala ere, “herritarrek oraindik inbertsio ekonomiko eta denborazko nabarmena egin behar dute eta ez dago aukera berdintasunik. Euskara ikasteko eragozpen nagusietako batzuk denbora falta eta arrazoi ekonomikoak dira, eta horiei erantzuten die gure proposamenak”.