Jaurlaritzak 2026. urteari begira aurkeztu duen aurrekontu-proiektuak dituen mugez ohartarazi du gaur Pello Otxandianok. “Aurrekontu hauek ez dira egun ditugun behar ekonomiko eta sozialei aurre egiteko gai; apustu batzuk egiten dira beste batzuen kalterako. Hala, hazkunde bat dago Etxebizitzan eta Segurtasunean, baina beste sail garrantzitsu batzuetan murrizketak daude”.
Horren ildotik, gogorarazi du Ongizatean, Gazterian eta Erronka Demografikoan aurrekontua %4,5 jaisten dela, emantzipazioren arazoa larria den arren; Landa Garapenean, Nekazaritzan eta Arrantzan jaitsiera %2,6koa dela, lehen sektorearen egoera kritikoa izanda, eta Gobernantzan eta Administrazio Digitalean murrizketa %6,8koa dela, Administrazioaren modernizazioaren erronka lehentasunezkoa bada ere.
Horrek frogatzen du, Otxandianoren iritziz, aurrekontu hauek ez direla nahiko behar ekonomiko eta sozial guztiei aurre egiteko, eta datorren urteetan egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du, “aurreikuspen ekonomikoen arabera, ez delako hazkunde ekonomikorik egongo eta Europatik ez delako Next Funtsen antzeko apusturik etorriko”. Azaldu duenez, “faktore soziodemografikoen ondorioz, datozen urteotan Hezkuntzan eta Osasungintzan gastu finkoa asko handitu beharko da, egungo kalitate estandarrak mantenduko baditugu, baina diru-sarrerak ez dira neurri berean handituko, eta horri zuzen begiratu beharko diogu. Gela honetan badago elefante bat inork ez duena aipatu nahi: Desoreka presupuestario baten aurrean gaude, ez dugu diru-sarrera nahikorik ez izango zerbitzu publikoak egun ezagutzen ditugun moduan mantentzeko”.
Halaber, Jaurlaritzak, EAJk eta PSEk etengabean esaten ari direnaren kontrara, EH Bilduko bozeramaileak aurrekontu-proiektua espansiboa denik ukatu du. “Aurrekontu hau ez da espansiboa. Hazkunde nominala 4 puntukoa da, baina BPGak izan duen hazkundea kontuan izanda, hazkundea oso txikia da eta termino errealetan apenas da espansiboa, komunikabideetan bestelako mezu bat zabaldu nahi izan den arren. Diru bilketa aurten prebisioen araberakoa izan da, baina diru-sarrera batzuk desagertu dira eta testuingurua ezegonkorra da”.
Amaitzeko, aurrekontuei buruz hitz egiteko Jaurlaritzarekin izan dituen harremanen berri eman du Otxandianok, “gure artean eta jendearekin zintzoak izan behar dugulako”. Kontatu duenez, uztailean izan zen lehenengo kontaktua, bilera bat non Ogasun sailburuak aldagai makroekonomiko nagusiak aurkeztu zizkigun, bai eta aurrekontuak izango zirenaren ideia orokorra ere”. Bigarren kontaktua urrian izan zen: “Kafe bat hartu genuen Legebiltzarreko kafetegian, eta azaldu zitzaigun oraindik ez zenutela aurrekontuen inguruko ideia orokorra”.
EH Bilduko bozeramaileak Nafarroan gertatutakoarekin alderatu du Jaurlaritzaren negoziazio eredu hori. Han, Nafarroan, hilabete osoa eman dute negoziatzen EH Bilduk eta bertako Gobernuak, aurrekontu-proiektua aurkeztu aurretik, eta akordioa erdietsi dute. Hemen ere EH Bildu negoziatzeko eta adosteko prest dago, eta hala adierazi du Otxandianok. “Badaukagu proposamen bat egiteko, etxebizitzaren ingurukoa. Gobernuaren deiaren zain geratzen gara, proposamen hori aurkezteko”.