Hilabete luzetako greba eta mobilizazioen ondoren, duela egun batzuk LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa enpresekin lortu zuten aurreakordioa “premiaz eta berehala” onesteko eskatu dio EH Bilduk Osakidetzari, honen oniritzia ezinbesteko baldintza baita negoziazio mahaiak akordioa berretsi dezan. “Garbiketan azpikontratatutako zerbitzuko gatazka –adierazi du Rebeka Uberak– duela bost urte hasi zen, eta 2.500 langile akordio horren zain daude euren lan baldintzak behingoz hobetzeko. Beraz, Osakidetzaren onespenak berehalakoa izan behar du, ezin du egun bat ere galdu sindikatuen eta enpresen arteko aurreakordioa ontzat emateko. Ulertezina litzateke Osakidetzaren eta Osasun Sailaren oniritzia atzeratzea, areago aurreakordioa Lakuako Enplegu eta Lan Sailburuordetzaren bitartekaritzarekin lortu dela kontuan hartzen badugu”.
Garbiketa sektore guztiz feminizatua dela gogorarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta ikuspegi horretatik ere aurreakordioak duen garrantzi berezia nabarmendu du, “duela bost urte emakume horiek euren eskubideak defendatzeko, Osakidetzak euren homologazioa aitortu eta bermatu dezan, abiarazi zuten borrokaren ondorio baita”.
Uberak gogora ekarri du EH Bilduk behin baino gehiagotan ekarri duela gatazka hau konpontzeko premia Legebiltzarrera, eta bertan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak erakutsitako axolagabekeria salatu du. “Azalpenak eskatuko dizkiogu berriz ere uda osteko lehenengo osoko bilkuran, lan gatazka honetan ardura osoa Osasun Sailari dagokiolako, zerbitzuaren titularra baita”. Horren haritik, oinarrizko zerbitzu publikoen pribatizatzeko joera egotzi dio berriro ere Jaurlaritzari, “Osakidetzan ez ezik, beste arlo batzuetan ere ohiko bihurtu delako diru publikoa erabiltzea hainbat enpresak etekinak atera ditzaten, langileei lan baldintza egokiak bermatu gabe. Azpikontratazioetan behin eta berriz errepikatzen da hori: Administrazioak kudeaketa publiko zuzena beharko lukeen zerbitzua kontratatzen du, baino gero ez da arduratzen lan baldintzak behar direnak diren ala ez kontrolatzeaz. Ez da funtzio publikoa enpresa batzuei etekinak bermatzea”.