AKTUALITATEA


| 2021-04-21 12:56:00

EH Bilduren proposamen bati jarraiki, Legebiltzarrak Jaurlaritzari, Gobernu espainolari, Bizkaiko Aldundiari eta Sestaoko Udalari aho batez eskatu die ahalik eta lasterren Sestaoko labe garaiaren zaharberritze-lanak amaitu eta instalazioak egokitzeko bide-orria adostu dezatela, labe garaia “sozializatu eta modu integralean balioan jartzeko”. Iker Casanovak azaldu duenez, Sestaon zutik dirauen AHV enpresaren labea 1959an eraiki zen eta 1995era arte aritu zen lanean, eta gaur babes bereziko ondasun kulturala da, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen arabera. Izan ere, erantsi du, “labe garaiak elementu esanguratsuenak izan dira ziurrenik Bilboko itsasadarraren paisaia industrialean”.
Hori dela eta, “gure memoriaren oinarri diren heinean”, Casanovak “herri honen lanaren historia osatzen duten elementu materialak, hala nola industria-iraultzaren berezko lanabesak, babestu eta balioan jartzearen garrantzia” nabarmendu du. Helburua, finean, gure historiaren zati garrantzitsu bat izan dena herritarrengana hurbildu eta ezagutzera ematea da. EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “ekimen honekin ez dugu iraganera begiratu nahi, etorkizunera baizik; Ezkerraldeko memoria industriala erreskatatu nahi dugu, baina, batik bat, historikoki industriak bertan izan duen pisua berreskuratzea nahi dugu eskualdea azken urteotan astintzen ari den krisialditik ateratzeko”.
Horren haritik, EH Bilduk sustatu duen akordioaren arabera, Legebiltzarrak afera honetan ardura duten instituzioei eskatu die “Sestaoko labe garaian kalte larriak eragin dituzten zorigaiztoko azken gertaerak berriro ez errepikatzeko beharrezkoak diren neurriak premiaz har ditzatela”. Casanovarentzat ezinbestekoa da labearen mantentzea eta babesa bermatzea, bai eta instalazioen espoliazioa saihestea ere, azken bolada honetan objektuak lapurtu eta kalteak ere egin baitira bertan, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak salatu bezala.