AKTUALITATEA


| 2022-05-18 17:15:00

Legebiltzarrak erronka demografikoaz eztabaidatu du gaur EH Bilduren ekimenez, baina arlo horretan herri estrategia oso bat partekatzeko eta adosteko aukera galdu du, Urkullu lehendakariak, akordio zabalak eta eraginkortasuna baino gehiago, inpaktu mediatikoa bilatu duelako, zenbait neurrirekin domina berak jartzeko.

Hala, EH Bilduk familiei hilero eta 18 urte bete bitartean seme-alaba bakoitzeko 150 euroko laguntza bat ematea proposatu ostean, Urkulluk 200 euroko laguntza bat iragarri du, baina hiru urtera mugatua. Horren harira, hiru urteko epe horrek prestazio horren eraginkortasuna nabarmen mugatuko duen arren, Nerea Kortajarenak aintzat hartu eta neurri horren jatorrian EH Bilduren bultzada politikoa dagoela azpimarratu du, Gobernua mugiarazi duelako.

Halaber, horrelako prestazio bat sortzearekin ia talde guztiak ados daudela eta Unicef, Caritas, Save the Children eta Hirukide bezalako erakundeek laguntza hori 18 urtera arte luzatzea eskatu dutela kontuan hartuta, EH Bilduk laguntza hori 3 urtetik harago luzatzeko akordio zabal bat esploratu beharra ipini du mahai gainean, baina bai lehendakariak, bai Gobernuko alderdiek gonbite hori onartzeari uko egin diote. “Argi dago EH Bildu tartean dagoenean jendearen bizi-baldintzak hobetzen direla, eta gaur ere hala izatea lortu dugu, baina pena bat da aurrerapausoak txikiak eta mugatuak izatea Urkulluren anbizio faltagatik”.

Zentzu horretan, Kortajarenak “errotiko begirada aldaketa bat” eskatu du Jaurlaritza demografia arloan egiten ari den politiketan, bere politika natalisten porrota agerikoa delako. Legebiltzarkide independentistak “gauzak bere horretan mantentzeko estrategia bat planteatzea” egotzi dio Urkulluri eta, horren aurrean, “eredu demografiko efiziente, justu eta jasangarri bat” sustatu beharra aldarrikatu du.

Helburu horrekin EH Bilduk guztira 45 proposamen aurkeztu baditu ere, Kortajarenak honako hauek nabarmendu ditu:

  • Seme-alaba bakoitzeko hileroko 150 euroko prestazio unibertsal bat, seme-alabek 18 urte izan bitartean jasoko litzatekeena, Alemanian, Danimarkan, Belgikan eta Irlandan, adibidez, familiei ematen zaizkien laguntzen tankerakoa.

 

  • Garraio publikoaren eta botiken doakotasuna 0-12 urte bitarteko umeentzat.
  • Haurreskolen doakotasuna 2022-2023 ikasturtetik aurrera.

 

  • 18-23 urte bitarteko gazteen artean oinarrizko errentaren proiektu pilotu bat martxan jartzea, emantzipazio adina aurreratzeko.

 

  • Pertsonei zaintza duin eta unibertsalerako eskubidea bermatzeko erakunde berri bat sortzea, zaintzen arloan Osakidetzak osasun arloan duen erreferentzialtasuna izango lukeena.

 

  • Alokairuen prezioak mugatzea, soldatatik alokairua ordaintzera bideratzen dena gehienez %30 dela bermatzeko.

 

  • Lau eguneko edo 32 orduko lan astea sustatzea, lan jardunaren murrizketa orokortzeko.

EAJk eta PSEk, baina, atzera bota dituzte proposamen horiek, eta akordioak, beraz, murritzak izan dira. Bi dira aipagarrienak:

Batetik, garraio publikoaren tarifak berrikusiko dira haur eta gazteei deskontuak aplikatzeko; bestetik, lan arloan belaunaldien erreleboa ordenatzeko plan bat egiteko konpromisoa hartu du Gobernuak, kalitatezko enplegua eta zerbitzu publikoak bermatuta.