AKTUALITATEA


| 2020-05-05 16:13:00

Ulertezina da, sekulako arduragabekeria, Osasun Sailak neurri bat bera ere hartu ez izana jakin duenean Jon Sanchez Ibarluzea Osakidetzako Larrialdietako buruak alarma egoeran ezarritako konfinamendua apurtu zuela eta Castro Urdialeseko udaltzaingoak isuna jarri zuela horregatik”. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Jaurlaritzak espedientea ireki behar dio ezinbestean Sanchez Ibarluzeari. “Larria eta onartezina da horrelako kargu batek konfinatzeko agindua ez errespetatzea, arduradun politikoek, are gehiago osasun arloko arduradunek, eredugarriak izan behar dutelako salbuespen egoera honetan”. Izan ere, alarma egoeran debekaturik badago ere, Osakidetzako Larrialdietako zuzendaria Castro Urdialeseko bigarren etxebizitzara joan zen apirilaren 20an, eta biharamunean bertako udaltzaingoak isuna ipini zion konfinamendua apurtzeagatik.

Nekane Murga Osasun sailburuak hala izan zela eta bera jakinaren gainean zegoela aitortu behar izan du gaur goizean, baina, hala eta guztiz ere, azaldu du bere departamentuak ez duela inolako neurririk hartu, ez eta Sanchez Ibarluzeari espedientea ireki ere. Uberak “axolagabekeriaz eta utzikeriaz aritzea” egotzi dio sailburuari horregatik, “jazotarikoa ezagutu bezain laster espedientea ireki eta Larrialdietako buruari azalpenak eskatu izan behar zizkiolako”. EH Bilduko legebiltzarkideak horixe egiteko eskatu dio beraz, “espedientea berehala irekitzeko eta neurriak lehenbailehen hartzeko, espediente horren emaitzaren araberakoak, aldez aurretik bat bera ere baztertu gabe”.

Uberak gogora ekarri du pasa den astean San Eloy Ospitaleko gerentearen kasua ere argitara atera zela, alarma egoeran kirofanoak kasu arinentzat itxita egon arren, berari faborezko tratua eman eta ebakuntza egin ziotelako. “Gaur Larrialdietako buruaren kasua ezagutu dugu, baina legea eta arauak berdinak dira guztiontzat eta ez dago goi karguei tratu berezi bat ematea; alderantziz, haiei eredu ematea tokatzen zaie”.