EH Bilduk sasoiko alokairuei eta etxebizitza turistikoei buruzko ikerketa bat egin dezala eskatu dio gaur Jaurlaritzari Legebiltzarrean, legeak arlo horretan ezartzen dituen mugak betetzen diren egiaztatzeko eta, iruzurra dagoenean, neurriak hartzeko. Izan ere, Xabier Astigarraga legebiltzarkideak ohartarazi duenez, “etxejabe askok, errentak maximizatzeko, sasoiko alokairuen eta etxebizitza turistikoen figurak erabiltzen dituzte legea ez betetzeko zirrikitu gisa, eta horrek ondorioak ditu, alokairuen merkatu tentsionatu eta etxebizitzaren prezioa igotzen laguntzen duelako”. EH Bilduren proposamena, hala ere, bertan behera geratu da, EAJ, PSE, PP eta Vox aurka agertu direlako.
Sasoiko alokairuei dagokienez, Astigarragak azaldu du etxejabe askok figura hori erabiltzen dutela tentsio eremuak izendatzen direnean prezioetan legez ezarritako mugak saihesteko, legeak ez diolako alokairu mota horri eragiten. “Hori horrela, sasoiko alokairuen figuraren hazkundea nabaria izan da, eta logelen alokairuekin ere berdina gertatzen ari da. Iruzur gero eta handiago baten aurrean gaude, eta, prezioen erregulazioa saihesteaz gain, maizterrak babesgabe uzten ditu, epe luzeko errentamendu kontratuetan ez bezala, sasoiko kontratuetan ez dituztelako hainbat eskubide bermatuta”.
Etxebizitza turistikoak ere nabarmen hazi dira azken urteetan, besteak beste, 2018an sektore hori antolatzeko onartu zuen dekretua “barra libre bat bezalakoa delako, ia ez delako baldintzarik eskatzen edonork etxebizitza turistiko bat erregistratzeko”, EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu duenez. “Deskontrol egoera handi baten aurrean gaude”, erantsi du, Eudelek duela gutxi argitaratu duen txosten batek agerian uzten duenez. Izan ere, “Jaurlaritzaren dekretuak jartzen dituen baldintza apurren artean, etxebizitza turistiko bat erregistratzeko Udalaren txosten bat behar da, nahitaezkoa eta loteslea dena, baina 2023ko urtarrilaren 1etik erregistratu diren pisu turistikoen %80etan Jaurlaritzak ez du txosten hori eskatu ere egin; hau da, ez dakigu udal araudia betetzen duten. Hori deskontrola ez bada, ez dakit zer den”.