AKTUALITATEA


| 2020-07-29 15:21:00

EH Bilduk 2020-2021 ikasturterako egiten duen proposamena aurkeztu du gaur Gasteizen, irailetik aurrera ikastetxe guztietan osasun eta segurtasun baldintzak bermatze aldera. Maria Garde eta Ikoitz Arrese legebiltzarkideek adierazi dutenez, “hezkuntza komunitatean adostasun zabala dago: datorren ikasturtea ezin da modu normalizatuan hasi, salbuespen neurriak behar dira. Pandemiaren datuak ikusita, une honetan ez da errealista irailean egoera normalizaturik egongo dela pentsatzea, planifikazioaren abiapuntua ezin da hori izan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren planteamendua guztiz arduragabea da, beraz. Eszenatokirik txarrena prestatu behar du eta larria iruditzen zaigu berak esatea bere lehenengo hipotesia ikasturtearen hasiera normalizatua dela eta ez duela irakasle gehiago kontratatzea aurreikusten”.
Gardek eta Arresek azpimarratu dute EH Bilduren proposamena bat datorrela sektoreko eragileen iritziarekin eta Estatuko beste hainbat erkidegotan jada hartzen ari diren neurriekin. “Ratioak jaitsi behar dira, gehienez 15 ikasle gelako; horrek, jakina, azpiegiturak egokitzea eskatzen du, udalekin elkarlanean, baita irakasle gehiago kontratatzea ere. Zehazki, sistema osoaren behar guzti-guztiak betetzeko irakasleen plantilla %20an handitu beharko litzateke; hau da, 10.000 irakasle gehiago kontratatu beharko lirateke haur hezkuntzatik unibertsitateraino”. Edonola ere, erantsi dute, neurri horien inpaktu ekonomikoa kontuan hartuta, “proposamen irekia da, Jaurlaritzak eta hezkuntza komunitateak negoziatu eta adostu beharrekoa; guk malgutasunez jokatuko dugu eta ontzat emango dugu hezkuntza komunitatearekin adosten dena, norabide horretan baldin badoa”.
EH Bilduko legebiltzarkideek planifikazioaren garrantzia nabarmendu dute eta horretan duen ardura ez betetzea egotzi diote Hezkuntza Sailari. “Ikastetxeen autonomiaren izenean, Hezkuntza Saila berari dagozkion ardurak ikastetxeen bizkar gainean uzten ari da. Uztailaren 29an gaude eta ez ikastetxeek ez familiek ez dakite oraindik nola ekin beharko dioten irailean ikasturte berriari. Ziurgabetasuna erabatekoa da. Ulertezina da ikastetxeek aplikatu beharko dituzten irizpideak oraindik argi ez egotea. Denok dakigu irailean hasiko den ikasturtea berezia eta ezberdina izango dela pandemiaren ondorioz. Argi dago egoerak osasun eta prebentzio neurri zorrotzak eskatuko dituela, baina neurri horiek zehaztu, planifikatu eta hezkuntza komunitatearekin adostu beharrean, Uriarte sailburuak hasiera normalizatua eman nahi dio ikasturteari, betiko moduan, ia ezer gertatuko ez balitz bezala. Badaezpada, baliabide guztiak eszenatokirik okerrenerako prestatzen egon beharko luke, baina berak aurreikusten duen eszenatokian ikasturtea normal hasiko da. Benetan? Sinesgarria da eszenatoki ideal hori birusaren agerraldiak etengabeak direnean? Beste leku batzuetan gertatu dena ikustea aski da konturatzeko ikasturte hasierak kutsatzeko arriskua izugarri areagotuko duela eta salbuespen neurriak jada planifikatzea ezinbestekoa dela”.