Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata propio bat, bertako ezaugarri sozioekonomikoei egokitua, ezarri ahal izateko ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean tramitatu eta eztabaidatzearen alde bozkatu du gaur EH Bilduk. EAJk eta PSEk, baina, kontrako botoa eman dute, PPk eta Voxek bezalaxe, eta gehiengo sindikalaren ekimena eztabaidatu ere egin gabe bota dute atzera.
Pello Otxandianok gogor kritikatu du gobernukideen jokabidea, eta euskal gizarteari mezu antidemokratikoa bidaltzea eta sistema demokratikoa ahultzea egotzi die. Herri Ekimen Legegilea herritarrek politikan parte hartzeko legez daukaten tresna nagusia dela azaldu ostean, EH Bilduko bozeramaileak antidemokratikotzat jo du EAJk eta PSEk 138.000 herritarrek baino gehiagok babestu duten ekimena eztabaidatu ere egin gabe atzera botatzea, debatea bera galarazita, duela aste gutxi batzuk Pentsiodunen Mugimenduak sustatutako ekimenarekin ere egin zuten bezala.
Otxandianoren esanetan, gaur gertatutakoa, pentsiodunek ere pairatu behar izan zutena bezalaxe, “oso larria da ikuspegi demokratiko batetik, gizarteari ematen ari zaion mezua oso kaltegarria baita une honetan, zeren eta hemen denok hitz egiten dugu krisi eta desafekzio politikoaz, populismoaz, demokrazia kolaboratiboaz, instituzioak herritarrei hurbildu beharraz, herritarrak prozesu demokratikoen parte bihurtzearen garrantziaz, erantzunkidetasunaz... Baina noiz eta herritarrek ekimena hartzen dutenean, zer esaten zaie? Ezetz, Parlamentu honek ez diola bide emango eztabaida horri, ez dutela tokirik hemen. Mezu hori antidemokratikoa da eta sistema demokratikoa ahultzen du”.
Gehiengo sindikalaren ekimen legegileak duen zilegitasuna azpimarratu eta gero, oposizioko buruak EAEn gutxieneko soldata propioa edukitzeak ekarriko lituzkeen onurak gogorarazi ditu: “Pobrezia murriztu, genero berdintasunean sakontzen lagundu eta gazteen bizi baldintzak hobetuko lituzke, emantzipatzera begira”.
Gogora ekarri duenez, Legebiltzarrak berak bere egin du aldarrikapen hori behin baino gehiagotan, eta sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioaren bidezko akordioa eskatu ere. Patronalak, baina, ezinezko egin du bide hori, beto gaitasuna baliatuz, eta horrek ezinbesteko egiten du, Otxandianoren iritziz, sindikatuek gaur proposatutako bidea hartzea, hau da, Langileen Estatutua aldatzea, EAEk gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena bereganatu dezan.
Horren haritik, EAJren inkoherentzia salatu du, orain dela urtebete Estatutu hori bera aldatzea adostu zuelako Gobernu espainolarekin hemengo lan hitzarmenen prebalentzia finkatzeko. “Orain dela urtebete desiragarria zen bidea orain ez da egokia. Kontraesana agerikoa da, eta gaur erabiltzen ari den argudioa inkongruentea da EAJk azken hilabeteotan egin duenarekin”.