AKTUALITATEA


| 2022-07-19 12:28:00

Ospitaleetan oheak itxita, mediku eta erizain falta, oporretan dauden profesional asko ordezkorik gabe, kontsultak bertan behera, kirurgiak atzeraturik… Hori da egunotan Osakidetzaren egoera bertako arduradunen eta Osasun Sailaren planifikazio faltaren ondorioz. Rebeka Uberak salatu duenez, “osasun sistema publikoa garai oso tenkatu batetik dator, baina, planifikazioa eta betiko politikak aldatu eta egokitu beharrean, Osakidetzako arduradunek betiko errezeta aplikatu dute, eta emaitza, nola ez, espero zitekeena da, egoera tamalgarri bat, kaotikoa, eta ondorioak bertako langileak zein pazienteak pairatzen ari dira”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, pandemiak ez du egungo egoera azaltzen, “planifikazio eta kudeaketa kaxkarrak” baizik. “Osakidetzako antolakuntza eredua pazienteen beharren arabera moldatu ordez, kontrakoa egiten ari dira. Pazienteak izaten ari dira Osakidetzako zuzendaritzaren antolakuntza eredu okerrera egokitu behar direnak. Pazienteek helburua izateari utzi diote, helburua kudeaketa eredua kosta ahala kosta mantentzea delako, nahiz eta horrek asistentziaren kalitatea galtzea dakarren. Gezurra dirudien arren, Osakidetzan pazientea bigarren mailan geratu den elementu bilakatu da”.

Osasun sistema publikoan arazoak pilatzen ari direla ikusirik, EH Bilduk Diputazio Iraunkorra deitzea eskatu du Legebiltzarrean Gotzone Sagardui sailburua, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia eta Victor Bustamante Asistentzia Sanitarioko zuzendaria bertan ager daitezen eta azaldu dezaten “zer nolako neurriak hartuko dituzten egoera kaotiko hori zuzentzeko”. “Sagarduik premiaz eman behar ditu azalpenak”, azpimarratu du Uberak, “Legebiltzarrak udan jarduera mugaturik edukitzea ezin baita aitzakia izan Jaurlaritzak gizarteari zor dizkion azalpenak ukatzeko”. Horren ildotik, oso garrantzitsutzat jo du Victor Bustamante Asistentzia Sanitarioko zuzendariaren agerraldia, “planifikazioa bere ardura zuzena delako eta, beraz, berari dagokiolako antolaketa egokia bermatzeko neurriak hartzea, nahiz eta, gertatzen ari dena ikusita, zalantzazkoa den kargu hori okupatzeko gaitasuna duenik”.

Izan ere, duela egun batzuk Bustamantek berak eginiko adierazpenak gogora ekarri ditu Uberak. Arreta bermaturik dagoela eta inolako gabeziarik ez dagoela esan zuen Asistentzia Sanitarioko zuzendariak. “Horrelakoak entzutea oso mingarria da –kritikatu du Uberak­– gezurra delako. Urgenteak ez diren kirurgiak egiteko gehienezko epeak zehazten dituen dekretuaren arabera, paziente batek gehien-gehienez 180 egunez itxaron dezake ebakuntza egiteko. 180 egun. Hori da gehienezko epemuga. Ba gaur da eguna paziente asko epemuga hori gainditzen ari direnak. Hau da, Jaurlaritza bere dekretua bera ere ez da betetzen ari. Eta hori ez da ez arreta bermatzea, ez kalitatezko asistentzia ematea”.

Osakidetzan dagoen arazoaren neurria ematen duten hainbat adibide ipini ditu EH Bilduko legebiltzarkideak:

  • Urgentziak gainezka daude. Aktibitatea %35 igo da, Lehen Arretak ezin duelako bere funtzioa behar bezala egin. Noski, Lehen Arretan artatzen ez badute, zer egiten du jendeak? Ba zuzenean urgentzietara joatea.
  • Medikuak eta erizainak falta dira, besteak beste, Osakidetzak ez duelako bere antolaketa eredua aldatu nahi izan. Zergatik ez zaie eskaintzen beste motatako kontratu eredu bat?
  • Oheak ixtearena izugarria da. Uda sasoian urtero gertatzen da, baina aurten arazoa bereziki larria da. SATSE sindikatuaren arabera, Osakidetzak 900 ohe itxiko ditu uda honetan, eta horrek ondorio larriak ditu. Adibidez, ebakuntza asko atzeratzen ari dira horregatik, Gipuzkoan esaterako: Eibarreko ospitalean solairu oso bat itxita dago eta horrela ez du gaitasunik normalean Donostiatik bidaltzen dizkioten paziente guztiak hartzeko. Paziente horiek Donostian geratzen ari dira horregatik, oheak okupatuz, eta, horren ondorioz, Donostiako Ospitaleak ezin ditu hartu Zumarraga, Mendaro edota Arrasateko ospitaleetatik kirurgiak egiteko bidali ohi dizkioten pazienteak. Emaitza? Kirurgiak atzeratzen ari dira. Eibarren PSEk ahotsa altxatu du jada bertako ospitaleko solairu guztiak zabaltzea exijitzeko, baina Lakuako Gobernu Kontseiluan PSEk mutu jarraitzen du, Osasun sailburua babesten.
  • Beste adibide bat: Araban, Osasun Mentalean (Psikiatria) eta Neurologian jarraipenerako hitzorduak bertan behera uzten ari dira. Eta Gasteizen Aranbizkarra 1 anbulatorioan mediku bakar batekin ari dira.
  • Gurutzetan emaginak falta dira eta haien jai-egunetan ere lan egiteko eskatzen ari zaie zuzendaritza. Eta Onkologia Pediatrikoan ere erizainak falta dira.