EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Legebiltzarrean Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, argitzeko Pasaiako portuan Guardia Zibila Ertzaintzari dagozkion funtzioak betetzen ari ote den. Izan ere, 2025eko otsailaz geroztik Ertzaintzak polizia integral gisa jarduten du portuan, eta bere ardura da herritarren babesa, bide segurtasuna eta itsas eta aire espazioaren kontrola, 2025eko otsailaren 3an herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloko eskumenak hartu baitzituen bertan.
Hori dela eta, Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak Zupiriari eskatu dio zehaztu dezala zein diren Ertzaintzak Pasaiako portuan egiten dituen lanak, zein dauden Guardia Zibilaren esku eta ea azken honek berez Ertzaintzari dagozkion lanak ere burutzen dituen, eta, hala bada, zergatik.