AKTUALITATEA


| 2021-11-25 16:08:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio “azterketa integral bat egin dezala erabilera turistikoko pisuen eta logelen benetako eskaintzari buruz  sektorearen erradiografia eguneratua lortzeko eta legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen direla egiaztatzeko”. Norabide berean, koalizioak sustatu duen akordioaren arabera, Gobernuak ikuskaritza indartuko du, beharrezkoa izatekotan, sektore horretan dagoen “eskaintza klandestinoa kontrolatu eta bertan behera uzteko”.

Iker Casanovak azaldu duenez, Jaurlaritzak berak 2017an egin zuen ikerketaren emaitzak, bere erregistro ofizialeko datuak eta plataforma turistiko digitaletan eskaintzen diren pisu eta logela kopurua ikusita, ondorioztatu daiteke, EAEn 4.000 pisu eta logela turistiko ofizialki erregistraturik dauden arren, benetako kopurua 6.000 ingurukoa dela; hau da, 2.000 pisu eta logela (%35) klandestinoak dira. Horren ildotik, erantsi du, gaur EH Bilduren ekimenari jarraituz adostutako ikerketak aukera emango du legez kanpo dauden pisu eta logela horiek identifikatu eta zigortzeko, bai eta alokairuen merkatu arruntera bideratzeko ere.

Casanovaren esanetan, “toki batzuetan gehienezko saturazio batera heldu gara”, pisu turistikoen sektoreari dagokionez. Zentzu horretan, ohartarazi du, neurri batean etxebizitza prezioen garestitzea azaltzen duen faktore bat dira eta lotura zuzena dute toki batzuetan pairatzen ari den gainturisfikazioaren arazoarekin.