AKTUALITATEA


| 2024-09-27 09:20:00

Pello Otxandianok herri ikuspegiaz jarduteko eskatu dio gaur Legebiltzarrean Imanol Pradales lehendakariari, bai eta lidergo politikoa hartzeko ere, zerga politikaren eta estatus politiko berriaren eztabaidetan bereziki. Oposizioko buruak afera horien garrantzia azpimarratu du eta, gai batean zein bestean Gipuzkoan EH Bilduk eta EAJk akordio bina sinatu dituztela gogorarazi ostean, lehendakariaren lidergo politikoa faltan bota duela esan du. “Herri ikuspegi sendorik gabe ez goaz urrun, eta herri ikuspegi hori garatzeko ezinbestekoa da lehendakariaren lidergo politikoa. Hori da eskatzen dizuguna, eta hemen gaituzu, lidergo hori partekatzeko prest”.

Lidergo horrek, azaldu du Otxandianok, EAEko sistema instituzionalean eta herrialdeen artean dauden desorekak gainditzeko balio behar du, politika koherenteak sustatzeko, ezberdinkeriarik gabe. Izan ere, hiru aldundien gobernuetan alderdi berberak egonda, “ulergaitza da funtsezko politika publikoetan ageri diren norabide desberdinak: zerga politikan, gizarte zerbitzuetan edota garraio publikorako diru-laguntzetan, hiru adibide jartzearren. Ulergaitzak dira lurralde historikoen arteko ezberdinkeriak, lehiak eta horren guztiaren ondoriozko efizientzia eta norabide falta”. Horren adibide paradigmatikoa da, EH Bilduko buruzagiaren iritziz, Euskal Y-ren inguruko debatean etengabeak entzuten ari diren adierazpen kontraesankorrak.

Horren haritik, Otxandianok ezinbestekotzat jo du eskala instituzional desberdinen artean koherentzia zorrotza ziurtatzea, erronka sozialak inoiz baino konplexuagoak direnean, koherentzia hori gabe ezinezkoa izango delako zaintza krisiari, etxebizitza larrialdiari, klima larrialdiari edota euskararen biziberritzeari modu eraginkorrean aurre egitea”.