AKTUALITATEA


| 2025-02-07 09:04:00

2025eko kontroleko lehen osoko bilkuran, eta lehendakariari industria politikan ekimenik ez hartu izana egotzi ostean, EH Bilduren Legebiltzarreko buruak "pauso bat aurrera ematea” proposatu du. Ildo horretan, Jaurlaritzak industria politikaren lidergoa bere gain hartzeko beharra aldarrikatu du, herri honetan berez badauden aldekoak  baliatuz. Herri honek alferrik galdu ezin diren ezagutza, esperientzia eta gaitasun nahikoa ditu”, esan du Otxandianok.

Jaurlaritzak duela hilabete batzuk azpikontratatu zuen bere estrategia industriala, baina EH Bilduri ez zaio onargarria iruditzen. Izan ere, urtebete igaroko da legegintzaldia hasi denetik Jaurlaritzak industria plan bat izango duenerako. Galdutako denbora. “Ezin dugu itxaron”, esan du Otxandianok. Gainera, uste dugu Jaurlaritzak bere industria plana kanpoko aholkularitza-enpresa bati azpikontratatu izanak bigarren mailako posizio batera azpiratzen duela gure ustez sektore publikoak industria politikan izan behar duen lidergoa”.

Pradalesek Bruselara egin berri duen bidaiaren harira, Otxandianok esan du EH Bilduri positiboak” iruditzen zaizkiola Europar Batasuneko estamentuekiko harremanak”, eta bat egiten duela "arku atlantikoa indartzeko gogoetekin”. Halaber, uste du eskura ditugun aukerak aprobetxatu behar ditugula”. Ildo horretan, “herri honen gaitasun propioak aktibatzeko beharra" aldarrikatu du, inoren zain eta kanpora begira egon beharrik gabe”.

EH Bilduk Jaurlaritzari proposatu dizkion tresnak, euskal industria-sareak behar dituen politikak diseinatzeko:

  • Politika Industrialaren Kontseilua, euskal politika industriala modu partekatuan diseinatzeko, epe luzeko estrategia bat garatuz eta euskal industriaren etorkizuna bermatzeko proposamen zehatzak eginez.

 

  • Prospektiba ekonomikoa egiteko organo bat, industria politikak eta enpresa-jarduera bera bideratzeko garrantzitsuak izango diren analisiak egiteko, besteak beste, nazioarteko joerek gure ehun industrialean izango dituzten eraginak aztertzeko.

 

  • Euskal ekosistema finantzarioa artikulatu eta norabidetuko duen Euskal Inbertsio Funtsa, gutxienez hamarkada oso batez ahotan ibili duguna baina gauzatzen ez dena.