Osasun sistema publikoaren egoerari buruzko diagnostikoan gutxieneko adostasun bat lortu eta gero, Osasun Mahaiak prozesuaren bigarren faseari ekingo dio bihartik aurrera, Osasun Itun batera iristea helburu. Fase honetan sistema gidatu behar duten printzipioak eta baloreak zehaztuko dira, eta EH Bilduk horren inguruan egiten duen proposamena ipiniko du mahai gainean biharko bileran, betiere ikuspegi argi eta zehatz bat oinarri hartuta: “Osasun arreta eskaintzetik harago, osasun determinanteetatik hasita, Osasun Bakarra (One Health) markoan lan egingo duen eta herritarrekin eta profesionalekin batera eraikiko den osasun sistema publiko bat dugu helburu”.
Rebeka Uberak azaldu duenez, ezker subiranistaren proposamenak “osasun kontzeptuaren eboluzioa testuinguruan kokatzen du, laburbilduta eta azpimarra jarrita gure osasun ereduari hobekien egokitzen diren definizioetan. Misioa eta bisioa gehitzen ditugu, proposamen eta neurri zehatzak planteatu aurretik garrantzitsua delakoan, eta, gure iritziz, osasun politikak norabidetu behar dituzten printzipioak eta baloreak garatzen ditugu”.
Hala, osasun sistema publikoaren zerbitzuak eta prestazioak, besteak beste, ondorengo baloreetan oinarritzea proposatzen du EH Bilduk. “Unibertsaltasuna, arreta herritar guztiei bermatzeko; ekitatea, desparekotasunak saihesteko; autonomia, herritarrek haien osasunaren inguruan informazio guztia edukita erabaki ahal dezaten; irisgarritasuna, sistema publikorako sarbidea bermatzeko; elkartasuna, herritar guztiei ahalik eta osasun eta ongizate maila altuena bermatzeko; parte hartzea, herritarrak politikak formulatzen lankidetzan eta erantzukidetasunez aritzeko; iraunkortasuna, sistemaren bideragarritasuna ziurtatzeko”.