Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio Arabako Mahastiak jatorri deitura kalifikatua bultzatu duten upategien eta Arabar Errioxa osoaren interesak defenda ditzala eta, beraz, kasazio helegitea aurkez dezala Auzitegi Gorenean jatorri deitura hori baliogabetu duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka. Etxebarriak mozio bat aurkeztu du dagoeneko Legebiltzarrean eskaera lehenbailehen tramitatu ahal izateko, helegitea aurkezteko epea abenduaren 23an amaituko baita.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Jaurlaritzak oinarri juridikoak ditu helegitea aurkezteko; izan ere, Arabako Mahastiak izendapenaren ordezkariek eta ABRAk Gorenera joko dutela iragarri dute jada, “EAEko Auzitegi Nagusiaren autoak hutsune nabarmenak dituelakoan eta, ondorioz, kasazio helegitea aurkezteko argudio juridiko nahikoak daudelakoan”. Alde horretatik, Etxebarriak Arabako Mahastiak jatorri deituraren ordezkariekin “lankidetza estuan aritzeko” eskatu dio Gobernuari, “ahalik eta koordinazio eta eraginkortasun hoberena lortze aldera”.
Legebiltzarkide subiranistaren irudiko, Arabako Mahastiak izendapenaren aurkako ebazpena Jaurlaritzaren utzikeriaren ondorio ere bada. “Orain arte Gobernuak ez du proiektu hori behar bezala defendatu, baina orain ezin du amore eman, Arabar Errioxak alternatiba horren beharra duelako. Arabako upategiek Rioja jatorri deituratik bereizteko duten zilegitasuna defendatzeko ardura du Gobernuak, haien berezitasuna, kalitatea eta duintasuna; Arabar Errioxa osoaren duintasuna eta etorkizuna defendatu behar ditu”.