Oihana Etxebarrietak aurkeztutako legez besteko proposamen bati jarraituz, EH Bilduk indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko urratsak egitea adostu du EAJrekin eta PSErekin, betiere “alde monetarioaz harago begiratzen”, Etxebarrietak azaldu duenez. Zehazki, hiru alderdiek adostuta eta, Vox izan ezik, aho batez onartuta, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio “diagnostiko sakon bat has dezala, erreferentziatzat hartuta Euskadin azken urteetan erregistratutako emakumeen eta haurren hilketa matxistak, eta haien senide eta ingurukoekin batera egin dezala”.
Diagnostiko hori bizirauleen elkarteen, Mugimendu Feministako kideen eta adituen ekarpenekin osatuko da, eta helburu izango du “dokumentu partekatu bat egitea, erreparazio-planak egiteko printzipioak eta jarraibideak modu koordinatuan ezarriko dituena, erkidego-, foru- eta udal mailan garatzeko”.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, indarkeria matxistaren biktimen eta senitartekoen erreparazioari “ikuspegi integral eraldatzaile batetik” heldu behar zaio. “Biktimak eta bizirauleak aitortuz, haien ahotsa entzunez eta protagonismoa emanez, erreparazio neurriak identifikatzeko prozesu osoan zehar oso presente izan behar da biktimatik biziraule izatera igarotzeko ikuspegia”.
Halaber, “egia aitortzeko neurriak hartu behar dira ditu, bizirauleen, kolektibo feministen eta adituen protagonismoarekin; biktimen aitorpena eta egiaren zabalkundea ziurtatu behar dira, biktimei laguntza irmoa eta lehentasunezkoa emanez eta baliabideak eskainiz; indarkeria errefusatzeko ekintza publikoak sustatu behar dira, biziraun dutenei aitortza eta erreparazioa emateko ere bai, eta berriz ez gertatzeko bermeak indartzeko”.