Bidasoako Ospitalea, Hondarribian, mugaz gaindiko ospitale bilakatzea helburu, EH Bilduk legez besteko proposamen bat defendatuko du bihar Legebiltzarreko Osoko Bilkuran Osasun Sailari eskatzeko norabide horretan aritzeko dauden aukerak azter ditzala txosten batean, “betiere Ipar Euskal Herriko osasun zerbitzuekin elkarlanean”. Rebeka Uberaren iritziz, “Bidasoaldeko Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) Plan Zuzentzailearen inguruan, bertan izan beharreko zerbitzu zorroaren eta azpiegituren inguruan, egiten ari den eztabaida momentu aproposa da mugaz gaindiko ospitalearen ideia aztertzeko eta, finean, Bortzirietako eta Ipar Euskal Herriko biztanleak ere normaltasunez artatzeko”.
Bidasoako Ospitalea mugaz gaindiko ospitale bilakatzeko proposamenak urteak daramatza mahai gainean, Uberak gogorarazi duenez. Izan ere, 2016an Legebiltzarrak EH Bilduren ekimen bat onartu zuen, EAJrekin eta PSErekin adostuta, Jaurlaritzak bide hori azter zezan. Hala ere, Osasun Sailak ez zuen eskatutakoa bete eta ez zuen horri buruzko inolako txostenik egin, Bidasoako Ospitaleak mugaz gaindiko izaera hartzeko baldintzak betetzen ez zituelakoan eta horrek bere egitura osoa birmoldatzea eskatuko lukeelakoan, gerora, Uberari erantzunez, azaldu zuenez.
Gaur egun Bidasoako Ospitalea mugaren alde bietako larrialdiak artatzen ditu, Ipar Euskal Herriko emergentzietako zerbitzuekin koordinatuta, baina, Uberaren ustez, “bere eragin-eremua zabaltzeko eta mugaz gaindiko ospitale bihurtzeko aukera ona dugu orain, Bidasoaldeko ESIaren zerbitzu zorroari eta azpiegiturei buruzko eztabaida irekita dagoela baliatuz”. Ikusita ez EAJk, ez PSEk ez dutela zuzenketarik aurkeztu, EH Bilduko legebiltzarkideak bere proposamena onartuko den konfiantza du.