EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Basurtu Ospitalean bihotzeko kirurgia zerbitzua mantentzearen alde, Osasun Sailak zerbitzu hori kendu eta Gurutzetan zentralizatzeko asmoa plazaratu baitu, Basurtuko profesionalak kontra agertu arren. Jaurlaritzaren planaren aurka, koalizio independentistak bi ospitaleetan mantendu nahi du bihotzeko kirurgia, bai Basurtun, bai Gurutzetan, biak ala biak espezialitate horretako erreferentzia zentroak izan daitezen EAE osorako.
Rebeka Uberak Basurtu eta Gurutzetako bihotzeko kirurgia zerbitzuak bateragarriak direla adierazi du, eta gogora ekarri du bietan itxaron zerrendak daudela eta, beraz, Basurtukoa ixteak arazoa larriagotzea ekarriko duela ohartarazi du. Gainera, “Basurtuko ospitaleak berriak dira, duela bost urte inguru inauguratu ziren eta orain zerbitzua kentzeak kalte egingo die zentroaren arreta mailari zein prestakuntza eta ikerketa jarduerari, eta ondorio negatiboak izango ditu kardiologia zerbitzuan, bereziki arritmia eta hemodinamikarako, bai eta ospitaleko beste zerbitzu batzuetan ere, hala nola arnasketan, anestesian, kirurgia baskularrean eta gaixotasun infekziosoen unitatean”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, gaur EAEn bihotzeko kirurgia zerbitzua Basurtun eta Gurutzetan eskaintzen da, ospitale biak publikoak, bai eta Donostia Poliklinika pribatuan ere, kasu honetan Osakidetzarekiko hitzarmen bati esker. “Ez da erraz ulertzen Osasun Sailak zerbitzu publiko horietako bat, Basurtukoa, itxi nahi izatea, sare publikoaren alde apustu egin behar denean”. Hori dela eta, EH Bilduren proposamena Donostia Poliklinikarekiko hitzarmena amaitutzat ematea da, espezialitate horretako zerbitzua Basurtuk eta Gurutzetak EAE osoan eman dezaten.