EAJk eta PSEk batzordean onartu duten Osasun Publikoaren Legearen kontra bozkatu du EH Bilduk, osasuna politika publiko guztietan txertatu beharrean, lege berri hori arlo horretako zerbitzu eta prestazio batzuk arautzera mugatuko delako, Rebeka Uberak kritikatu duenez. “Lege honekin pandemiaren aurkako legean egindako akatsa zuzentzeko aukera geneukan, osasunaren ikuspegia politika publiko guztietan txertatzeko, baina, legearen abiapuntu teorikoa hori zen arren, tramitazioan zehar EAJk eta PSEk argi utzi dute legeak ez duela ezinbestekoa zen transbertsalitate hori izango, zerbitzu batzuen prestazioa arautu baino ez duelako egingo”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zuenez, legeak herritarren osasunean eragiten duten mota guztietako determinanteak kontuan hartu beharko zituen, haien inpaktua neurtzeko eta, ondoren, horren araberako politikak egiteko, zuzendu beharrekoa zuzentzeko, konpromisoak eta ardurak zehaztuta. Izan ere, “Osasun Publikoaren oinarrian dagoen arazoa soziala izanik, konponbidea ere soziala izan behar da”.
Gobernantza eredua ere aldatzen saiatu da EH Bildu, Osasun Publikoan herritarrak ahalduntzeko eta haien parte-hartzea eta erantzunkidetasuna sustatzeko. Halaber, Osasun Publikoaren Agentzia sortzea proposatu du Uberak, erakunde autonomo bat, Osakidetzarekin lanean arituko zena, maila lokaletik hasita osasunaren sustapenaz arduratuko zena. EH Bilduk proposatutako Osasun Publikoko Eskola ere legetik kanpo geratu da. “Eskola horrek ahalbidetuko zuen Osasun Publikoaren arloan ditugun eskumenak behar bezala garatzea, prestakuntza- eta ikerketa-estrategiak artikulatzea eta Osasun Publikoarekin lotutako ezagutza zeharka bultzatzea”.