Osasun Mahaia bihar bilduko da berriz ere, eta Osasun Itunaren bidean azken fase erabakigarrian sartuko da. Bada, EH Bilduk uste du azken fase honetan nahitaezkoa izango dela Osakidetzan indarrean dagoen eredua iraultzeko estrategiei buruzko debate politiko sakonari heltzea, azken urteotan osasun sistema publikoa ahuldu duten funtsezko arazoei aurre egiteko. Finean, Osasun Mahaiak eredua, harreman publiko-pribatua barne, izan behar du eztabaidagai, indarrean dagoen ereduaren mugak agerian geratzen ari baitira egunero. Osasun Mahaiak eztabaida politiko sakona egin behar du horren guztiaren inguruan, deserosoak izan daitezkeen debateetatik ihes egin gabe eta eskapismo jokoetan erori gabe; Jaurlaritzak arazoak konpontzeko benetako borondatea falta zaiola erakutsiko luke, horrela jokatuko balu.
Pasa den ostiralean Legebiltzarrean Pello Otxandianok ohartarazi zuenez, eboluzio demografikoak Osakidetza indartsuago bat eskatuko du datozen urteetan, osasun arloan beharrak handiagoak izango direlako, gizartearen zahartze prozesuaren ondorioz. Eszenatoki hori hain justu proiektatu behar du Osasun Mahaiak, zer nolako beharrak asebete beharko dituen Osakidetzak etorkizun hurbilean eta nolako baliabideak emango dizkiogun modu egokian eta berme guztiekin erantzun ahal dezan. Eztabaida sakona da eta patxada eskatzen du, beraz, presa barik lan egitea. Osasun Mahaiak ezin ditu Osakidetzaren urteetako gainbehera lau bileratan konpondu.
Hori horrela, EH Bildu kezkatuta agertu da Alberto Martinez sailburuak Osasun Mahaian parte hartzen duten alderdi eta eragileei helarazi dien azken dokumentuarekin. Izan ere, ez ditu ezker subiranistaren hainbat ekarpen garrantzitsu jaso eta ez dio lehenengo fasean adostutako diagnostikoari erantzuten. Gabezia ugari ditu eta ez dio Osakidetzaren gainbeheraren arrazoi eta korapilo nagusiei heltzen.