AKTUALITATEA


| 2022-01-25 12:14:00

Osakidetzaren gainbehera etengabea gelditu eta osasun sistema publikoa indartu, horixe izango da datozen hilabeteotan EH Bilduren jardun parlamentarioaren ardatz eta erronka nagusietako bat, Maddalen Iriartek adierazi duenez. “Igandean milaka herritar kalera atera ginen Osakidetzaren kolapsoa salatzeko, Lehen Arretan batez ere, eta kalitatezko osasun sistema publiko bat aldarrikatzeko. EH Bildun ere bat egiten dugu diagnostiko eta aldarrikapen horrekin. Osakidetzak dituen arazoak eta gabeziak egiturazkoak dira, eta murrizketak eta politika okerrak ere aspaldikoak dira. Pandemiak defizit horiek guztiak azaleratu baino ez ditu egin; koronabirusak arazoak larriagotu ditu, bai, gordintasun osoz gainera, baina ez ditu berak ekarri. Arazoak atzetik zetozen, eta jatorria, baita ardurak ere, Osasun Sailaren politiketan bilatu behar dira”.

Iriarteren iritziz, “Osasun Sailak, baina, pandemia koartada gisa erabili nahi izan du Osakidetzaren gainbehera justifikatzen saiatzeko, bertako langileek zein pazienteek egunero pairatzen duten egoera saihestezina balitz bezala, gaur egun Osakidetzak dituen arazo guztien jatorria pandemian balego bezala”.

Urte politikoa hastekotan dago Legebiltzarrean eta EH Bilduko bozeramaileak argi du koalizio independentistaren jardunak ardatz izango duela Osakidetza indartzea eta berreraikitzea. “Urkulluren gobernuen politikak irauli beharra bistakoa da, osasun sistema publikoaren aldeko apustu sendo bat behar dugu, Osakidetza pixkanaka desegiten ari delako. Jaurlaritzaren utzikeriak eraman du gainbeherara eta, are okerrago, erakusten ari da ez duela ez gaitasunik, ez asmorik osasun publikoa merezi duen lekura eramateko, bere lehentasunak ez dituelako ezertan aldatu. Horregatik, muturreko egoera batean gaudelako, Gobernuari serio hartzeko eskatzen diogu, guk hartzen dugun moduan”.

Iriarteren irudiko, “beheranzko joera hori mozteko ezinbestekoa izango da plantilla estrukturala handitzea eta lanpostuak egonkortzea, Osakidetzan behin-behinekotasun tasa ikaragarria eta onartezina delako, baina argi dugu hori bere horretan ez dela nahikoa izango, planifikazio eta antolakuntza eredu berriak ere beharko dira. EH Bildu horretan arituko da buru-belarri datozen hilabeteotan”.