AKTUALITATEA


| 2022-02-19 13:51:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzak Osakidetzako egiturazko plantilla handitu dezan. Zehazki, Rebeka Uberak sinatutako proposamenak bi hilabeteko epean 3.000 lanpostu berri gehiago txertatzea planteatzen du, Lakuak iragarritako Enplegu Eskaintza Publikoan jasotakoez gain. Gaur egun Osakidetzak 27.600 lanpostu inguru ditu ofizialki bere plantilla estrukturalean, baina egunerokoan 36.000tik 39.000ra arteko pertsona aritzen dira lanean. Datu horiek argi erakusten dute, Uberak azaldu duenez, behin-behinekotasun tasa ikaragarria dela, %50etik gorakoa, eta premiazkoa dela tasa hori murriztea egiturazko plantilla handituz”. Bere esanetan, “neurri hori, plantilla egonkortzea, ezinbesteko baldintza da, lehenengo urrats bat, Osakidetzak herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, Osasun Sailak aldian-aldian iragartzen dituen Enplegu Eskaintza Publikoak motz geratzen direlako, ez baitiote eraginkortasunez heltzen osasun sistemak duen behin-behinekotasunaren arazoari”.

Izurriak, gainera, Osakidetzak pertsonal arloan, besteak beste, dituen defizit guztiak azaleratu ditu gordintasun osoz, prekarietatea inoiz baino nabarmenagoa delako, bertako sindikatuak datorren astean greba eta mobilizazioak deitzera eramateraino. Hori dela eta, EH Bilduren proposamenak Osakidetzaren errealitate orokor horri erreparatzen dio eta plantillari eta lan-zamei buruzko azterketa sakon bat egin dezala ere eskatzen dio Osasun Sailari, lehen aipatutako 3.000 lanpostuez gain, egiturazko plantillan gehitu beharko lituzkeen lanpostuak identifikatzeko, betiere Osakidetzako Mahai Sektorialean adostuta.