AKTUALITATEA


| 2026-06-18 10:46:00

Tokiko merkataritzaren etorkizuna bermatzea helburu, EH Bilduk akordio zabala lortu du gaur EAJ, PSE eta Sumar taldeekin, Jaurlaritzari eskatzeko aipatu sektorean Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integral bat diseinatu eta garatu dezala, enpresa-transmisioaren eta belaunaldi erreleboaren premia izan dezaketen establezimenduak identifikatzeko eta jarduera zein enplegua mantentzen lagunduko duten neurriak hartzeko.

Akordioa Naiara Fernandez Madariaga EH Bilduko legebiltzarkidearen mozio bati esker heldu da; garrantzi berezia eman dio berak akordioari, tokiko merkataritzaren etorkizuna arriskuan dagoelako, landa eremuan eta herri txikietan batez ere. “Belaunaldi erreleboan eta negozioen transmisioan egiturazko arazo bat dago, eta egiturazko arazoek estrategia integralak behar dituzte. Jaurlaritzak Berriz programa dauka martxan, negozioen itxiera saihesteko eta transmisio prozesuak laguntzeko, baina emaitzen erakusten dute ez dela nahikoa izan. Adibidez, 2.000 biztanletik beherako herrietan tokiko merkataritza %26 murriztu da azken 15 urteotan, egoera bereziki larria baita landa eremuan eta herri txikietan”.

Kohesio ekonomiko, sozial eta lurralde-kohesiorako tokiko merkataritza funtsezko elementua dela gogorarazi eta gero, Fernandez Madariagak azpimarratu du, gaurko akordioaren arabera, Jaurlaritzak sektorearen egoerari buruzko diagnostiko bat egin beharko duela, arriskuan dauden establezimenduak eta kalteberatasun handieneko eremuak identifikatzeko eta, besteak beste, negozioen jarraitutasuna errazteko finantziazio-neurriak sustatzeko.